Oñati etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko urratsak ematen ari dira
Udalerria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko zehaztuta dauden hiru baldintzetako bat betetzen du Oñatik: azken bost urteetan etxebizitzen salmenta prezioa KPIa baino hiru puntu gehiago garestitu izana. Eusko Jaurlaritzak Oñati tentsio-eremu izendatu dezan hainbat dokumentu aurkeztu behar dira: diagnostikoa eta horretan oinarritutako justifikazio txostena eta aurrera begirako ekintza plana. Horiek lantzeko Gislan eta Hiritik at aholkularitza enpresak kontratatu ziren eta dokumentazioa prest dago. Datorren ostegunean, otsailaren 26an egingo den Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartzea proposatuko da, Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko udalbatzaren onespena behar delako. Dokumentuen azalpen publikoa ere egingo da, martxoaren 10ean Kultur Etxean egingo den bilera irekian. Aurretik, esku-orri bat osatu eta etxeetara banatzeko asmoa dago.
Etxebizitza oinarrizko eskubide moduan ulertuta eta arazo poliedrikoa dela jakitun, lau ardatz nagusitan oinarritu da hiru urterako ekintza plana: alokairu eskuragarria sustatzea, etxebizitza-parkearen birgaitzea, dirulaguntzak eta gobernantzaren hobekuntza. Hala, Kurtzekuako udal-lursailean 12 etxebizitza egiteko aukera edota Kurtedeixan jabetza pribatukoa den beste lursail baten promozioa jaso da ekintza planean. Etxebizitza hutsak merkaturatzeko komunikazio kanpaina, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren gaurkotzea, emantzipaziorako eta gizarte larrialdietarako laguntzen ordenantzak eguneratzea, etxebizitzen parkea birgaitzeko neurriak hartzea ere jaso da, besteak beste, hiru urteko ekintza planean. Etxebizitzaren gaia ez da udal eskumenekoa %100ean, baina legeak uzten dituen baliabideak erabiliko dira aurrera egiteko eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko asmoa ere badu udal gobernu taldeak.
Datu batzuk, egungo egoera ulertzeko: Oñatin 5.538 etxebizitza daude eta bataz besteko antzinatasuna, 48 urtekoa da. Inor erroldatu gabeko 696 etxebizitza identifikatuta daude eta horietatik 476 herrigunean daude: %18 erdigunean; %8,8 Errekalden; %6,8 Bidebarrietan, %5,5 Olakuan eta %5,3 San Lorentzon. Horiek, erroldatze datuak kontutan hartuta, esan bezala. Kontsumoari erreparatuta hutsik dauden etxeak erdira-edo murriztuko lirateke, udal arduradunen esanetan, 350 inguru. Demografia datuei erreparatuta, Oñatiko biztanle kopurua % 7,6 handitu da 25 urtetan eta bizikidetza unitateen kopurua ere handitu da, asko bakarrik edo bikoteka bizi direlako. Horrek, etxebizitza txikiagoak baina gehiago behar izana eragin du. Egoera sozioekonomikoari begiratuta, berriz, gazteen 3tik 1era ere ez da iristen emantzipatuta bizi direnak eta iaz, 219 etxebizitza eskaera aktibo zeuden herrian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!