Oñatiko udala

Covid eremu gorrira itzuli da Oñati, bi hilabeteren ostean

2021/07/16
Card image cap
14 egunetako intzidentzia metatua 470 da gaur, astebetean 48 positibo atzeman eta gero

  Maiatzaren 19an irten zen Oñati 400dik gorako intzidentzia metatua zuten herrien zerrenda gorritik, apirileko lehen egunetan kutsatuen kasuak asko ugaldu ondoren. Asteak eman ditugu positibo berri gutxirekin baina joera irauli da eta astean, bereziki, Covid-19 kasu ugari atzeman dira berriro gure artean. Aipagarria da esaterako, asteartean 20 positibo izan zirela eta atzo 12. Beste herri batzuetan gertatzen ari den bezala, kutsatzeak lagunartean zabaldu dira, nagusiki.

  Gogoratu bart gauerditik debekatuta dagoela gauez kalean jende multzoak elkartzea. Gauerditik 6:00tara bizikideen topaketak bakarrik onartzen dira. Jaurlaritzak hartu berri duen neurri honekin lorategi, kirolgune edota hondartzetan gertatu diren jende pilaketak saihestu nahi dira. Oñatin, MU inguruan izaten dira topaketa handienak asteburuetan. Arduraz eta zuhurtziaz jokatzea eskatzen da.

  Eta bitartean, Osasun Sailburuordetzak Koronabirusaren egoera epidemiologikoaren azken txostena kaleratu zuen atzo, uztailaren 4ra arte metatutako datuak bilduz. Oñatin, 1.417 positibo atzeman dira iazko martxotik. Covid-19aren ondorioz hil diren herritarrak berriz, 16 izan dira urte eta erdi honetan.

  Aipagarria da, une honetan, 10 gipuzkoarretatik 1ek Covid-a harrapatu duela, baina Oñatira etorrita, bataz bestekoa altuagoa da eta kasik %12 t’erdia gaixotu da, Osakidetzako datuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan Arrasate da 100.000 biztanleko intzidentzia metatu handiena duen herria, % 14,2.

  5.000 biztanletik gora duten EAEko herrien artean intzidentzia metatu handiena duten herrien zerrenda Arrasatek irekitzen du, esan bezala, eta Oñati bosgarrena da, Ordizia, Azkoitia eta Azpeitiaren atzetik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!