Oñatiko udala

Oñati bizitoki merkatuko tentsio gune izendatzeko diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana Eusko Jaurlaritzara bidali dira gaur

2026/02/27
Card image cap
Martxoaren 4an bilera egingo dute udaleko eta Etxebizitza saileko ordezkariek

  Atzoko Osoko Bilkuran onartu ziren Oñati tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen dokumentuak: diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana. Gehiengoz onartu ziren, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz.

  Udalerria tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko zehaztuta dauden hiru baldintzetako bat betetzen du Oñatik: azken bost urteetan etxebizitzen salmenta prezioa KPIa baino hiru puntu gehiago garestitu izana; %22,4 baino gehiago igo dela esan zen atzoko Osoko Bilkuran. Baldintzak betetzetik izendapena ofizial ian dadin, hainbat dokumentu osatu eta aurkeztu behar dira: diagnostikoa eta justifikazio-memoria, batetik, eta etxebizitza merkatuan eragiteko ekintza plana bestetik, beti ere, Etxebizitzaren euskal behatokiak hartarako propio argitaratutako gida metodologikoan ezarritakoaren arabera. Diagnostikoan zehazten denez, 2010etik etxebizitza parkea %9,2 hazi den arren, ez da nahikoa izan etxebizitza eskaera asetzeko, hala, iazko uztailean 219 etxebizitza eskaera aktibo zeuden herrian nahiz eta 696 etxebizitza huts egon. Horrek, erabilera deseroka dagoela erakusten du, merkatuak ez baitio erantzuten dagoen eskaerari. Bestalde, bizikidetza-unitateak nabarmen hazi dira, 4.030tik 4.801era pasaz, 2009-2024 urteen artean, eta etxebizitza bakoitzeko batez besteko pertsona kopurua jaitsi egin da, 2,7tik 2,4ra. Diagnostikoa eskutan lau ardatzen gain osatutako ekintza plana zehaztu da, alokairu eskuragarria eta etxebizitza parkea eta birgaitzea sustatzeko, prestazioak eta babes sarea indartzeko, nahiz gobernantza eta koordinazioa areagotzeko.

  Aipatu ekintza planak zehaztasun falta duela esan zuten EAJko ordezkariek eta arazo nagusia salerosketa prezioan egon arren, planaren lau ardatzetatik bi, alokairura zuzenduta daudela eta, aitzitik, ez da salerosketa merkatzeko neurririk proposatzen. Tramite administratiboa betetzeko dokumentua zela eta efektibotasunik ez zuela esan zuen Amaia Erostarbek, berehalako irtenbiderik ez zuelako eskaintzen, eta etxebizitza promozioak 2027tik aurrera aurreikusten direlako. Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizek argitu zuen ekintza eta ardatzetan oinarrituta dagoen plana osatu dutela eta diagnostikoak ondorio garbi bat azaleratu duela, alegia, etxebizitzarena arazo estrukturala eta ertz asko dituela.

  Etxebizitzen arazoaren aurrean proposamenak badituztela adierazi zuten Amaia Erostarbek eta Xabier Mugarzak, eta azken honek gainera, Kurtedeixa inguruan etxebizitzak eraikitzeko lursaila eskuratzeko abenduan egin zuten proposamena ekintza planean jaso izanak harritu zuela aipatu zuen.

  Eztabaidaren ondoren gaia bozkatu zen eta EH Bilduren aldeko botoz onartu zen Oñati bizitoki merkatuko tentsio gune izendatzeko diagnostikoa, justifikazio-memoria eta ekintza plana. Dokumentuak gaur goizean bidali dira Eusko Jaurlaritzara eta bertan jasotakoa azaltzeko bilera egingo dute udaleko eta Etxebizitza saileko ordezkariek, martxoaren 4an Gasteizen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!