Oñati bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko lehen urratsa eman du Udalak

Hiru irizpide hartzen dira kontutan udalerri bat etxebizitza merkatuaren tentsio eremu izendatu ahal izateko: azken bost urteetan alokairuaren prezioaren igoera edo erosketa prezioaren igoera, eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalerriak aztertu zituen, aipatu irizpideak kontutan hartuta, eta Oñatik, erosketa-prezioaren igoeraren irizpidea betetzen duela ondorioztatu zuen, azken bost urteotan %22,4 baino gehiago igo baita. Baina izendapena ez da berehalakoan eskuratzen, hainbat dokumentu aurkeztu behar dira, eta prozedura betetzeko zerbitzu kontratua egin du udalak Gislan Geographic Applications kooperatibarekin.
Gislan geoinformazioan eta datuen zientzian oinarritutako zerbitzuak eta soluzioak eskaintzen dituen kooperatiba da eta azken urteotan etxebizitzaren arloko azterlan eta soluzio ezberdin ugari garatu ditu zenbait udalerritan, baita Oñatin ere. Gainera, bizitegi-merkatuko tentsio eremuen izendapenerako lanei dagokionean, Gipuzkoako hainbat herritako diagnostikoak osatu ditu edo osatzen ari da, Arrasatekoa, kasu. Bete beharreko lana eta Oñati ondo ezagutzen dituela kontutan hartu da zerbitzu kontratua Gislan kooperatibari esleitzerakoan. Oñatik tentsio handiko bizitegi eremu izendapena lortzeko baldintzak betetzen dituela adierazten duen datu ustiaketa egin beharko da, diagnostikoa zein justifikazio memoria osatu beharko da, batetik, eta etxebizitza merkatuan eragiteko ekintza plana osatu beharko da, bestetik.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak horretarako propio argitara emandako gida metodologikoan ezarritakoaren arabera osatu beharko da lana. 16 asteko epea finkatu da Oñati bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko prozedura betetzeko dokumentazioa osatzeko. Kontratuak 16.552 euroko aurrekontua du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!