Oñatiko udala

Oñati abesbatzaren 60. urteurrenaren harira, lankidetza hitzarmena sinatu du taldeak Udalarekin

2026/01/21
Card image cap
Ospakizun egitaraua gauzatzeko 8.000 euroko dirulaguntza zuzena jasoko du abesbatzak

  Oñati abesbatza 1966an sortu zen. Aurten beraz, 60 urte betetzen ditu eta herritarrekin batera ospatu nahi du, urte osora luzatuko den egitaraua gauzatuz, abendu hasierako ospakizunen aurkezpenean taldeko ordezkariek azaldu zutenez. 60. urteurrena ospakizun sinboliko soila izatetik haratago doala ere adierazi zuten, taldearen hausnarketarako eta etorkizuneko proiektua sendotzeko aukera estrategiko moduan planteatzen baitute Oñati abesbatzako kideek. Udalak, bere aldetik, aurkeztutako programazioko jarduerek duten interes publikoan jarri du azpimarra. Proposatutako egitaraua baloratzerakoan bereziki kontutan hartu dira: herriko kultura-ondarea babestu eta honen transmisioa bermatzen duela; herritar orori irekitako programazioa dela; kohesio soziala, belaunaldien arteko transmisioa eta nortasuna indartzen duela eta, orokorrean, udalaren kultura arloko politikekin bat datorrela. Horregatik, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea proposatu eta onartu zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Atzo sinatu zuten hitzarmen dokumentua Izaro Elorza alkateak eta Oñati abesbatzako lehendakari Xabier Zelaiak. Ekitaldian parte hartu zuten baita ere Iñaki Olalde Kultura zinegotziak eta epe laburrean abesbatzaren lehendakari kargua hartuko duen Rafa Anduagak.

  Sinatutako hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du eta abesbatzaren 60. urteurreneko egitaraua gauzatzera bideratutako 8.000 euroko dirulaguntza zuzena jasotzen du. Laguntzaren %70a orain ordainduko da eta gainontzeko %30a, taldeak 2026ko jardueren zuriketa aurkeztu eta onartzen denean.

  Abenduaren 20an eskainitako Gabonetako kontzertuaz ekin zion Oñati abesbatzak 60.urteurreneko egitarauari. Lehen emanaldi horretan egungo zuzendari Mirengu Plazaolak taldea gidatzen 10 urte bete dituela ere ospatu zuten. Martxoaren 12an ate irekiak egingo dituzte eta taldearen dinamika azalduko diete balizko kantari berriei. Martxoan bertan, 14an, abesbatzako kide izan zen Esteban Urzelaik zuzentzen duen Suhar taldearen emanaldia antolatu dute eta 26an, Ibaiertz abesbatzarekin batera arituko dira, Martuteneko taldearekin egiten ari diren elkartrukea osatuz. 60. Urteurreneko kontzertua urriaren 17an egingo dute eta azaroko Musikegunak programazioan ere parte hartuko dute Jose Mari Arzuaga gogoan eta honen biloba den Jon Mestre pianojolearekin batera. Bi hitzaldi ere antolatu dira apirilerako: 21ean Jose Antonio Azpiazuk Oñati abesbatzaren 60 urteko historia azalduko du eta 28an, Gurutz Linazisoro neurologoak cerebro y música hitzaldia egingo du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!