Olentzero eta Mari Domingiri eskutitzak uzteko postontzia jarriko da plazan

2020/11/30
Card image cap
Gabonetan ez da ikazkinari eta Hiru Errege Magoei ongietorririk irudikatuko

  Covid-19ak ere Gabonetako ospakizunetan eragingo du aurten eta haurren alaigarri izan ohi diren kalejirarik ez dira egingo, ez Olentzero eta Mari Domingirenak ezta Hiru Errege Magoenak ere. Jende pilaketak ekidin nahi dira, gaixotasunari aurre egiteko distantzia gordetzeko mezua behin eta berriz errepikatzen den honetan. Urtero opariak ekartzen dituzten pertsonaiak gainera zahartuaz doaz, eta beraien burua ere bereziki babestu behar dute.

  Baina haurren ilusioa bizirik mantendu nahi dute Olentzerok eta Mari Domingik eta haurrak agurtuz Oñatiko kaleetan ibiliko ez diren arren, neska-mutikoen gutunak jasotzera etorriko dira. Haurrek jakin dezaten gainera, pare bat bideo grabatzen ari direla esan digute eta laster, sare sozialen bitartez zabalduko dituzte. Olentzero eta Mari Domingiri gutunak uzteko postontzia plazan jarriko da abenduaren 14tik 24ra bitartean.

  Hori izango da aurtengo Gabonetako berezitasunetako bat. Bestea, herriko abesbatzek eta txistulari eta musika bandak eskaini ohi duten Gabonetako kontzerturik ez dela egingo. Baina musikarik ez da faltako Gabonetako egitarauan: abenduaren 11an, musika eskolako akordeoi ikasleen emanaldia izango da Santa Ana aretoan, 24 eta 31 arratsaldeetan bandak emanalditxoak egingo ditu plazan, 28an ohiko gospel kontzertua entzun ahal izango da Santa Ana aretoan eta Willis Drummond eta Mila Modu taldeek Gaztelekuan joko dute, abenduaren 12 eta 30ean, hurrenez hurren.

  Ganbara faktoriako taldeek ere hainbat kontzertu eman asmo dituzte, baina egin ahal izango diren ala ez unean uneko egoerak baldintzatuko du: abenduaren 19rako Hots abesbatzaren LUX emanaldia iragartzen da, 27rako Ganbara abesbatzaren Etenal light ikuskizuna eta urtarrilaren 4rako Ganbara kantu eskolaren Jan dezagun, on egin! ipuin musikatua. Jerardo Elortza bildumaren hirugarren zenbakia izango duen Alanbre-hotsa eta jazbana. Oñatiko rockaren historia txikia liburuaren aurkezpena era Gabonetan egingo da, abenduare 19an, hain zuzen.

  Haurrei zuzendutako antzerki eta zine emanaldi bereziak ere programatu dira aurtengo Gabonetarako: abenduren 20an 20.000 legua itxaspeko zaborretan antzezlana izango da eta urtarrilaren 5ean Buhameak, Erik eta Win ikuskizuna, eta abenduaren 26 eta 27an eta urtarrilaren 2 eta 3an Gabonetako zine emanaldiak izango dira euskaraz. Urtarrilaren 3an, Txorimaloen ikuskizuna ere egin asmo du Oñatz dantza taldeak, beti ere, osasun egoerak eta aldian aldiko prebentzio neurriek hartarako aukera ematen badute.

  Abenduaren 19 eta 20ko asteburuan bestalde, Elkar Hezi ikastetxeak antolatu ohi duen Elkartasun azoka eta herriko artisauen azoka izango dira plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!