Olaiturri eremura kamioientzako sarbidea egokitzeko lanak hastear daude

Baina helburua ez da barrakentzako behin behineko kokagunea prestatzea, baizik eta, etorkizunera begira, kultur eta kirol ikuskizunetarako gunea egokitzea, eta halakoetarako behar den ekipazioa garraiatuko duten kamioientzat sarbide aproposa izatea, azken Osoko Bilkuran argitu zenez. Azken urteetan identifikatutako behar bati erantzun nahi zaio, hainbat ekitaldi antolatzeko leku aproposa izan arren, materiala barrura eramateko zailtasunengatik baztertu behar izan baitira.
Kamioientzako sarbide arrapala ez ezik, oinezkoentzako beste arrapala bat eratuko da egungo eskaileren inguruan eta eremuaren argiztatzea hobetuko da, ingurua irisgarriagoa bihurtuz. Orain, dena den, eta presazko eskuhartze moduan, kamioientzako sarbide arrapala egingo da, eta irailerako, eta behin behinean, argiteria eta oinezkoentzako arrapala egokituko dira.
Olaiturrirako kamioientzako sarbidea Lizaur kaletik zuzenean egingo den arrapala bidez egokituko da. Horretarako jolas-parkea kendu da eta alboko espaloiaren maila jaitsi egingo da, espaloi izaera mantenduko den arren. Aipatu espaloia kotxez libratu da goizean, ingurua hesitu eta materiala ekartzen hasteko. Lurkide enpresak egingo ditu berehala hasiko diren lanak, 48.388 eurotan. Lanak bi hilabeteren buruan amaitzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!