Olaitturri kultur elkarteak jarduna amaitzea erabaki du

2022/09/21
Card image cap
Agur eta esker-idatzia zabaldu du, erretiroa hartzen dutela jakinaraziz

  Ofizialki 2009an eratu zen Olaitturri Kultur Elkartea, Makalena elkarteko hainbat lagunen ekimenez, eta helburu garbiekin: herri antzerkiko emanaldiak prestatu eta eskaini eta Oñatiko eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura sustatzeko. Baina Olaitturri elkartea ez zen zerotik abiatu eta Makalenako bazkideek aurrez egin zituzten antzezlanetan du ernamuina, 1977an, esaterako, herri ezteia irudikatuz irten ziren lehen aldiz kalera, Herri Egunean. 2009tik 2021era berriz, hamaika herri antzerki idatzi eta taularatu dituzte, azkena, Gabonetan, Lope Agirreren estatua lana.

  Antzezlanok emateko ehundaka entsegu eta testuak idazten eta buruz ikasten milaka eta milaka ordu egon direla adierazten du Olaitturri elkarteak zabaldu duen agurreko oharrean, eta ilusioz aritu diren arren, erretiroa hartzeko unea heldu dela gaineratzen dute. Agur pozgarria dela ere zehazten dute, Oñatiko historiari, kulturari, euskarari eta herrigintzari ekarpena egiten saiatu direla aitortuz. Egindako lana ez da galduko emanaldien testuak, argazkiak eta bideoak eskuragarri baitaude interneten, Olaitturriren blogean, eta urteetan argitaratu dituzten antzerki liburuetan.

  Hildako elkartekideak gogoan, eskerrak eman nahi dizkiete isilean laguntzen aritu diren herritarrei, diruz eta baliabidez lagundu den Udalari eta zabalkunde lanetan aritu diren hedabideei.

  Egun Olaitturri elkartea osatzen duten 33 kidek agur bazkaria egingo dute San Migel egunean, euren lanetan askotan pertsonaia izan den Gebaratar kondearen dorretxea zenean dagoen jatetxean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!