Oinatur elkarte kooperatibo berria arduratuko da Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integralaz.
Bi enpresa izan dira herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala esleitzeko prozesuan: Oinatur kooperatiba eta Tantai Naturlanak Elkarte Mugatua.
Bakoitzak aurkeztutako kudeaketa memoria, lan programa, hobekuntzak eta eskaintza ekonomikoak aztertu eta baloratuta, puntuaziorik altuena Oinaturrek lortu du eta kontratua, kooperatiba honekin sinatzea erabaki du Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziak. Puntuatu diren atal guztietan, Oinaturrek, Tantai enpresak baino puntu gehiago eskuratu ditu.
Kontratua, hilaren 16an sartuko da indarrean, orain, aurrez izenpetutako lan kontratu luzapena baitute turismo bulegoan eta Arrikrutzen ari diren enpresek. Aurrerantzean, bi baliabide turistiko horien eta San Migel errotaren kudeaketa egin beharko baitu Oinatur kooperatibak.
Baina horretan aritzea zer den badakite kooperatiba berri honetako kideek. Kudeaketa prozesura aurkeztu ahal izateko propio sortutako kooperatiba da Oinatur eta turismo bulegoan nahiz Arrikrutzen lanean ari diren edo aritu diren teknikariek osatzen dute. Horixe zen gainera, bete beharreko baldintzetako bat, alegia, Q kalitate turistikoa duen turismo bulego bat edota kobazulo turistikoa kudeatzen esperientzia izatea, azken hiru urteetako bitan gutxienez. Halakoetan aritu diren sei lagun dira OINATUR kooperatiba sortu dutenak.
Kudeaketa enpresa aldatu arren, udan ez da aparteko aldaketarik izango zerbitzuetan eta turismo bulegotik, unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen jarraituko da eta Arrikrutzen ere, ohiko bisitak egingo dira. Interesa duenak, baterako zein besterako erreserbak, zerbitzu bakoitzeko telefono zenbakira deituta egin dezake. Udazkenetik aurrera jada, proposamen eta eskaintza berriak egiten hasiko ei dira.
Oinatur enpresak beteko duen zerbitzuaren truke, Oñatiko Garapen eta turismo Ajentziak, ia 97.000 euro gehi BEZa ordainduko du urtean. Kontratua, bi urtetarako sinatuko da hasieran, baina bi aldeak ados egonez gero beste birako luzatu ahal izango da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!