Oñatiko udala

Oihana Iguaranek irabazi du VI. Señora sariketa

2026/06/08
Card image cap
Lide Arregik jaso du epaileen Tokado saria

  Plentziako Danontzat Gaztetxean jokatu zen larunbatean, VI. Señora sariaren finala, emakume eta genero disidenteei eskainitako bertso lehiaketa. Buruz burukoa Oihana Iguaranek eta Kattalin Lizarraldek kantatu zuten eta lehen saria irudikatzen dun pamela Iguaranek jantzi zuen. Epaileei bihotza gehien ukitu zienaren Tokado saria, berriz Lide Arregi oñatiarrak jaso zuen. Finaleko seikotea osatu zuten Maider Altunak, Kattin Madariagak eta Ana Picallok. Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart iazko Señora Sariketako garaileek jantzi zioten pamela Iguarani, eta Joane Aldalur, Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano iazko Tokado saridunek eman zioten aurtengo saria Arregiri.

  150en bat ikusle elkartu ziren eta giro goxo eta dibertigarrian joan zen saioa, antolatzaileen hitzetan. Sariketaren bereizgarria da, propio diseinatutako epai irizpideen arabera baloratzen dela bertsolarien lana: teknikak badu garrantzia, baina gehiago zaintzen dira bestearenganako zaintza eta jolasa, esaterako. Puntuen batuketa bidez erabaki ordez, modu asanblearioan hautatu ohi dute zein izendatu irabazle.

  Finalari ekin aurretik, I. Señora Bertsopaper Sariketako sariak eman zituzten. Hiru izan ziren talde sarituak: Piliren bilobak Iruñeko taldeak jaso zuen Señora Makarra saria; Zaballako bertso eskolak Señora Hunkigarria saria; eta Zarauzko hasiberrien bertso eskola feministak Señora Dibertigarria saria.
Sarituen bertso sortak abestu eta sariak banatu ostean igo ziren oholtzara sei finalistak, baina egitaraua ez zen finalarekin amaitu: Zatekeen erromeriak eta DJ Txillardegiren itzulerak itxi zuten Señora sariketaren aurtengo edizioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!