Oñatiko udala

Odol Emaileen Elkarteak eta Udalak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute

2026/01/29
Card image cap
Urtean herrian izaten diren odol-emateak koordinatu eta sustatzen ditu elkarteak eta Udalak dirulaguntza ematen du

  Oñatiko Udalak eta Odol Emaileen Elkarteak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute 2026. urtean odol-emateen antolaketa eta sustapena bermatzeko. Odol Emaileen Elkarteak, urtean zehar herrian izaten diren odol-emateak koordinatzen ditu; herritarren parte hartzea sustatzeko ekintzak burutzen ditu, odol-emateari lotutako informazioaren eta hitzorduen hedapena eta odol-emate eguneko lanak eginez. Elkartearen ardura da odol-emateetarako lekua prestatzea, Donostiatik etortzen den erizain eta mediku taldeari laguntzea, odola eman duten herritarrei ondoren eskaintzen zaien jan-edana prestatzea eta taldearen funtzionamendurako beharrezkoa den finantzazioa topatzea, besteak beste. Horretarako garrantzitsua da Udalarekin urtero sinatzen den lankidetza hitzarmena, honetan jasotzen baita Gipuzkoako Odol Emaileen Oñatiko Batzordeari dirulaguntza zuzena ematea. Azken Tokiko Gobernu Batzarrean, esaterako, elkartearen iazko txostena eta urteko dirulaguntzaren likidazioa aurkeztu ziren, eta 2025eko hitzarmenean zehaztu zen 2.130 euroko dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa egitea onartu zen.

  2026ko lankidetza hitzarmen berria udaletxean sinatu zuten atzo Izaro Elorza alkateak, batetik, eta Lorea Biain eta Edurne Galdos Oñatiko Odol Emaileen Elkartearen ordezkariek, bestetik. Ekitaldian Lierni Altube, Ongizate zinegotzia ere izan zen. Oro har, herritarren osasuna eta elkartasuna sustatzen jarraitzeko helburua duen hitzarmenaren garrantzia azpimarratu dute bi aldeek, herritarrei, odola ematen jarraitzeko deia egitearekin batera. Odol-emateak Enpresagintza fakultatean egiten dira gurean eta hartarako hurrengo aukera otsailaren 20an izango da, 16:30etatik 20:30etara. Gogoratu, aurrez, odol-emateen aste horretan bertan, hitzordua hartu behar dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!