Nekazaritzako ibilgailuen azterketa teknikoak Oñatin egingo dira, apirilaren 17an eta 20an
Azterketa teknikoen unitatea birritan etorriko da Oñatira datozen astetan, apirilaren 17an, ostiralarekin, eta 20an, astelehenarekin, hain zuzen. Hiru leku eta ordutegi zehaztu dira, nekazaritza ibilgailuen azterketa teknikoa egin behar dutenek aproposena aukeratu dezaten: apirilaren 17, 9:00etan Urtiagaingo aparkalekuan eta 13:00tan Dolaetxe baserriaren ondoan eta apirilaren 20an, 9:00etan, Olabarrietan. Nekazaritzako ibilgailuari azterketa teknikoa egiteko ez da aurrez txanda hartu beharko, finkatutako leku eta ordurako joatea nahikoa da. Jabeek ibilgailuaren dokumentazioa, zirkulazio baimena, azterketa teknikoaren txartela eta aseguruaren ordainagiria eraman beharko dute.
Azterketa teknikoan hainbat puntu begiratuko dira,hara nola, kanpoko egokitzapena, karrozeria eta txasisa, barne-egokitzapena, argiak eta seinalizazioa, balaztak, direkzioa, ardatzak, gurpilak, neumatikoak eta esekidura eta motorra eta transmisioa, besteak beste. Baserrietan erabiltzen diren ibilgailuek azterketa teknikoak pasa behar dituzte aldian behin, gainontzekoen antzera. Lehenengoa, 4 urte betetakoan; 16 urtera arte bi urtean behin, eta zaharragoek, urtero. Halakoak egiten dituzten tailer bereziak daude, hurbilena Bergaran. Orain dozena bat urte pasa unitate mugikor bat eratu zen bertan, eta orduz geroztik, herririk herri ibiltzen dira aurrez zehaztutako egutegiaren arabera.
Oñatira martxo-apirilean etorri ohi da IAT tailerrekko unitate mugikorra eta hala egingo du oraingoan ere, apirilaren 17an eta 20an.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!