Nekazaritza ustialekuak modernizatu dirulaguntzak ebatzi dira
Landa Garapena departamentuari dagokio nekazaritza ustialekuak modernizatzeko dirulaguntzen lerroa. Iazko deialdira 7 eskaera aurkeztu ziren eta 5 onartuta, diruz babestuko dira. Irizpide ezberdinak erabiltzen dira eskaerak baloratzeko, nagusia, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretako NELUak, eta 0,5 NELUtik gorako ustealekuak izan behar dira dirulaguntza eskuratzeko. Halako lau izan ziren iaz. Dena den, neurri horren azpitik dauden ustialekuek udal laguntza jasotzeko aukera dute, baldin eta, higiene eta segurtasun arrazoiak tarteko, baserrian dagoen instalazio bat kanpoan egitea proposatzen bada. Halako kasu bat aintzat hartu da dirua banatzerakoan. Makinaria erosi, ganadu kontrolerako bitartekoak eskuratu eta ukuilua handitzeko lanetarako dirulaguntzak emango ditu Udalak, iazko deialdiaren kontura. Onartu diren eskaerak bost izan dira, esan bezala, eta hiruk, gehienez eskuratu daitezkeen 4.000 euroak jasoko dituzte. Guztira, 15. 863 euro esleitzea onartu du udal gobernu taldeak.
Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora bideratutakoak eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasotzen dira. Laguntza lerro honetan sartzen dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. besteak beste.
2025eko dirulaguntzak ebaztearekin batera onartu dira 2026ko deialdiaren oinarriak. Gaia martxoko Osoko Bilkuran aztertu zen eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearen zain daude eskaerak aurkezteko epea irekitzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!