Oñatiko udala

Neguko Prebentzio Plana gertu du Udalak

2025/11/20
Card image cap
Udal ibilgailuak elurrari aurre egiteko prest
Elur-kota 400-500 metrotara jaitsi daitekeela dio gaur-biharko prebisioak

  Prezipitazioa oso ugaria gertatzen ari da gaur eta ekaitza eta txingorra ere iragarri da egunaren bigarren zatirako. Elur-kota jaisten joango da eta egunaren amaieran 500-700 m-ra koka daiteke. Baina unerik gorenera bihar iritsiko da denboralea eta elur kota 400-500 m inguruan ibiliko dela dio prebisioak. Arratsaldetik aurrera atertzen hasiko da eta elur kotak gora egingo du. Aurreikuspen horiek gogoan Arantzazu ingurua eta goialdeko auzo-bideak garbitzeko abisua eman da dagoeneko.

  Elurra 400 metrora jaistean sartu ohi da indarrean udalaren elur protokoloa eta hori zehazten duen prebentzio plana prest dago. Lau udal teknikari izendatuta daude unean uneko beharren araberako baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko. Pertsonal aldetik, lau tekniko horiezaz gain, kale garbitzaileak, udal brigadako langileak eta lorezaintza lanetan dihardutenak aipatu behar dira. Lorezaintza enpresarekin hitzarmena baitauka udalak, elurra eginez gero garbitze lanetan lagundu dezaten. Baliabide material aldetik, traktorea eta hiru pick-up ditu Udalak eta elurra kentzeko palak edota gatza botatzeko elementuak jarri zaizkie jada. Kaleak garbitzeko berriz, eskuz maneiatu daitezkeen motordun pala-makinak nahiz motor gabeko gailuak daude. Udal biltegian 20 tona gatz dago gainera.

  Neguko protokoloan, makinen erabilpen ardura ez ezik, eremua ere zehaztuta dago. Herria, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak zein gune garbitu behar duen izendatuta dago. Ez dirudi ordea, elurra kale mailara iritsiko denik lehen denborale honetan. Baina protokoloak arduradunen izendapena ere jasotzen du; zerbitzuen koordinazioaz propio arduratuko diren teknikoak izendatuta daude eta herritarren abisu eta deiak Udaltzaingoan zentralizatuko direla ere zehaztuta dago. Astegunetako beharra ez ezik, asteburuan sortu daitezkeenak zainduko dira, teknikoek, binaka, guardia-egutegia beteko baitute.

  Baliabide tekniko eta pertsonalak gertu daude eta lanerako plangintza ere eginda. Orain, eguraldi iragarpenak betetzen diren eta tokian-tokiko premiak jarraitu beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!