Oñatiko udala

Natxo de Felipe eszenatokira itzuliko da Arantzazun, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan

2025/05/20
Card image cap
Alos Quartet, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Amorante, Iñar Sastre eta Amaia Elizaranekin arituko da, abuztuaren 21ean

  Klasikoa da abuztuko egutegian Donostiako Hamabostaldia eta klasikoa, baita ere, musika ziklo honen eskutik Arantzazun kontzertua eskaintzea; aurten abuztuaren 21ean izango da. Berezia izango da, beste urte batez, elkarrekin ikusi ohi ez ditugun euskal musikari asko elkartuko direlako Alos Qartet taldearen bueltan; aipagarria da eszenatokietatik aldenduta dagoen Natxo de Felipe, Oskorriko abeslaria, Arantzazun izango dela. Baina Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amorante ere kantuan izango dira, Iñar Sastre pianoan lagun dutelarik, Amaia Elizaranek dantza egiten duen bitartean. Hariz Harri izeneko kontzertua berezia, ezohikoa eta osatua izango dela esan daiteke. 

  Alos Quartet taldea musika estilo bereizgarri baten jabe bihurtu da, 25 urte hauetan zehar; Vienako saloia eta herriko plaza, musika klasikoa zein herrikoa uztartzea lortu dute, taldeko musikarien birtuosismoari esker eta beste musikari askorekin egin dituzten aliantzei esker. Arantzazuko kontzerturako inoiz elkarrekin aritu ez diren eta euskal musikaren belaunaldi ezberdinen adierazgarri diren artistak bildu dituzte, espreski, berariaz sortutako egitaraua elkarrekin interpretatzeko. 

  Hariz harri kontzertua abuztuaren 21ean, 19:00etan izango da Arantzazuko Santutegiko elizan eta sarrerak 14 eta 20 eurotan eskuragarri jarriko dira bihar, Hamabostaldiaren web atarian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!