Oñatiko udala

Musika eskaintza aberatsa, plazako ikuskizun piro-musikalaren berreskuratzea eta herri bazkarirako aforoaren murrizketa dira aurtengo jai egitarauaren ezaugarrietako batzuk.

2014/09/16
Card image cap
187 mila euroko aurrekontua dute 2014ko San Migel eta Errosarixo jaixek.

  Gaur goizean aurkeztu da 2014ko jai egitaraua. Aurten ere, bi asteburu luzetan banatuko dira ekitaldiak. Egitaraua osatzerakoan kontutan hartu diren irizpide nagusiak laburbildu ditu Nerea Zubia kultura batzordeburuak prentsaurrekoan.

  Domekako haurren eguna edo datorren asteburuko haurren danborrada eta artzain txakur txapelketaz gain, jai ekitaldi gehienak, hurrengo bi asteburutan bilduko dira. San Migel eguna astelehenarekin etorriko bada ere, aurreko ostiraletik jada kontzertu eta ospakizunak izango dira. Eta musika arloa da hain zuzen ere, aurtengo jai egitarauan atentzioa ematen duena, anitza eta aberatsa delako: Amparanoia taldeko kide zen Amparo Sanchez, La Jodedera, Oreka TX, Mikel Urdangarin edota Gozategi dira, besteak beste, jai gune ezberdinetan entzun ahal izango ditugun musikariak. Musika Banda eta Nafarroako joteroen kontzertuak edota La Tarantella taldearen dantzaldia eta Erdizka Lauetan taldearen dantza erakustaldi parte hartzailea ahaztu gabe.

  Irailaren 27a, Egun morea izango da aldarrikapen feminista ardatz hartuta, 28a, Gaztetxoen eguna eta 30a haurrena. Bi egun horietan gaztetxoen eta familien bazkariak egingo dira Errementari Plazan. Jai gune berri honetan gaztetxoek beraiek antolatu dituzten beste hainbat ekitaldi izango dira San Migel egunaren bezperan. Egun berean, Txantxikuaren jaitsiera eta nagusien danborrada izango dira, besteak beste.

  Hurrengo asteburuan, jaixetako bertso saioa, Errosarixo domekan berreskuratu den musikaz lagundutako ikuskizun piroteknikoa edota Herri Eguna eta Errosarixo Bixamoneko egitarau klasiko eta arrakastatsuak aipatu behar.

  Herri Eguneko herri bazkariaren inguruan aipatu behar da segurtasuna dela eta aforoa murriztu egin dela eta ondorioz, partaide kopurua mugatu behar izan dela. Aurten, 650 lagunentzako tokia bakarrik izango da herri bazkarian. Menua osatzeko herriko produktuen erabilera lehenetsi da aurten ere eta txartelaren prezioa, iaz bezala, 19 € izango da. Baina txartelak, esan bezala, gutxiago izango dira. Datorren astean jarriko dira salgai, udaletxeko harrera bulegoan goiz eta arratsaldez eta kultur etxean, arratsaldez.

  Jaietako zapiak ere, iazkoen berdinak dira, eta euro baten truke udaletxean eta kultur etxean salduko dira.

Aurtengo jai egitarauak 187 mila euro inguruko aurrekontua du German Meabebasterretxeak, kultur teknikariak azaldu digunez. Baina jai egun bakoitzean izango diren ekintzen inguruko xehetasunak eta baita aurrekontuaren ingurukoak  ere, laster eskuartean izango duzuen egitarauan jaso dira. Gaur goizean bertan hasi dira egitarau-liburuxka  etxeetara banatzen.

  Egitarauaren azala, Amaia Guridik sortu du eta eskutan daramatzan globoek jasota airean doan txantxikua azaltzen du.  Guridik, jaiek eguneroko errutina apurtzeko ematen duten askatasuna eta alaitasuna irudikatu nahi izan omen du. Hartarako antolatu zen lehiaketa irabazita, Amaia Guridik 500 euroko saria eskuratu du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!