Langabezia pitin bat handitu da azken hilabetean gurean
Urria 306 langaberekin amaitu zen Oñatin, aurreko hilabetean baino 5 gehiago. Hala ere, datuei zehatzago erreparatzea komeni da, emakume langabeen kopurua murriztu egin baita; beste era batera esanda, langabezia gizonezkoen artean handitu da azken hilabetean, eta adin tarte guztietan, gainera. Orain urtebeteko datuekin alderatuta diferentzia txikiagoa da, iazko urrian aurtengoan baino langabe 1 gutxiago zegoelako Oñatin. Beraz, alderik apenas egon da urte batetik bestera. Une honetan, 306 langabe daude gurean eta langabezia tasa %5,63 da, urteko hirugarren tasarik altuena, urtarrilean eta abuztuan erregistratu zirenen atzetik.
Debagoienera begiratuta ere, apenas izan den aldaketarik azken hilabetean; Oñatin bezala, langabe kopuruak gora egin du Aretxabaletan eta Eskoriatzan baina, orokorrean, irailean baino 2 langabe gehiago zenbatu dira. Gipuzkoan ere 1 gehiago zenbatu da azken hilabetean, Hego Euskal Herrian, dena den, 1.219 gehiago erregistratu dira Lanbide eta Lansareko bulegoetan, eta iazko urrian baino 2.017 gutxiago. Igoerarik handienak Bizkaian eta Nafarroan izan dira. Langabezia datu hauen parean Gizarte Segurantzako datu onak daude. Urrian baino 16.186 afiliatu gehiago daude eta Gizarte Segurantzako afiliazioak maiatzeko errekorra hautsi du, 1.348.822 afiliaturekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!