"Arantzazuko Adiskideak" elkartearen onura publikokoa aitortu du Eusko Jaurlaritzak
Administrazioak onura publikoko elkarte izendatu ohi ditu interes orokorreko helburuak betetzen dituzten elkarteak, beti ere, horretarako eskaera egin eta gero. Kasu honetan, elkarteak berak bideratu zuen eskaerarekin bat egin dute Fundacion Proclade Yapanay-k, Asociacion Bidegin-ek, Servicio de apoyo al duelo y enfermedad grave avanzada deritzonak, Maushaus elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da Arantzazuko Adiskideak Red Social de Arantzazu elkartea onura publikokoa aitortzen dela.
Herri-onurakotzat aitortu diren elkarteek eskubidea dute horren aipamena beraien agiri guztietan egiteko, doako laguntza juridikoa jasotzeko berariazko legediak ezartzen dituen baldintzetan eta araudiak ezartzen dituen eskubide, onura eta salbuespenak jasotzeko, izan ekonomikoak, administratiboak edota zerga arlokoak, esaterako. Alde horretatik, Arantzazuko Adiskideak elkarteko bazkideek onura fiskala jaso ahal izango dute errenta aitorpenean, adibidez.
Arantzazuko Adiskideak frantziskotarren iturrietatik edaten duen gizarte proposamena da, gizarte-sarea. Egun 800 bazkide ditu eta Santutegian dauden hainbat gizarte-erakunde barne biltzen ditu: Tau Fundazioa, Arantzazu Aldizkaria eta Arantzazu Frantziskotar Argitalpenak, besteak beste. Elkartearen helburuak dira, frantziskotarrak, Arantzazuko gizarte-erakundeak eta Arantzazuko Adiskideen bazkideak sare berean biltzea, beti ere, elkarbanatzen dituzten printzipio frantziskotarrak, humanistak, etikoak eta solidarioak oinarri direla; bazkide direnen eta erakundeen artean parte-hartzea indartzea eta komunikazio-komunitate zabal bat osatzea; Arantzazuko frantziskotarren nortasuna eta Santutegiko eraberritzea garatzen lagunduko duten proiektuei eta ekimenei ekonomikoki eta sozialki laguntzea eta Arantzazu gizartera eta gizartea Arantzazura hurbilduko duten ekimen propioak garatzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!