Murgiako Arretxe baserrirako bidea konpontzeko lanak hasiko dira bihar

2020/06/30
Card image cap
Asentziotik Aiastuirako auzo-bidea itxita egongo da

  Arretxe baserrirako auzo bidea egoera txarrean dago. Lur ezegonkorraren gainean eginda dago eta horrek arazoak sortzen ditu. Orain urte batzuk dela konpondu zen baina berriro zartatu eta, zenbait lekutan, zulo handi eta arriskutsuak sortu dira berriro. Inguruko baserritarrekin adostuta urak bideratu eta harri-lubeta berria egingo da, terrenoari egonkortasun handiagoa eman eta bideari hobeto eutsi ahal izateko.

  Arretxe baserrirako auzo bidea konpontzeko hainbat enpresen aurrekontua eskatu zen eta merkeenaren alde egiteko proposamena hobetsi du Udalak. Lanak, Lurkidek egingo ditu 34.819.98 euroren truke.

  Lanak bihar bertan hasiko dira eta hilabeteko epean-edo egitea aurreikusten da. Atzo jada, lanen berri ematen duten hesiak jarri ziren Asentzio eta Aiastui parean, Arretxerako bidea konpontzen ari diren bitartean, Murgiako auzo bidea moztu egingo baita, bai trafikoarentzat baina baita oinezkoentzat ere.

  Murgia eta Olabarrieta arteko bidea herritar askoren eguneroko paseo-lekua da baina uztailean zehar beste ibilbideren bat aukeratu beharko dute, Arretxe baserri inguruan itxita topatuko baitute, bihar bertan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!