Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak eta txartelak egoki erabiltzeko kanpaina hasi du Trauti elkarteak
Jarri bere azalean EZ bere aparkalekuan lelo eta mezua berreskuratu du Trauti-Hesirik gabe taldeak, astean hasi duen kanpainarako; mugikortasun urriko pertsonen beharrak azaldu eta urdinez margotutako aparkalekuak eta hauetan aparkatzeko txartelak egoki erabiltzeko sentsibilizazio kanpaina da. Kartelak jarri dituzte adierazpen libreko guneetan eta esku-orriak banatu dituzte etxeetara.
Urdinez margotutako aparkalekuak eta hauek erabiltzeko txartelak beharra direla eta ez pribilegio bat argitzen du Trauti elkarteak eta hauek egoki erabiltzeko eskaera helarazi nahi die herritar guztiei, bai mugikortasun arazorik ez dutenei eta baita halakoak dituztenei ere. Izan ere, mugikortasun arazorik ez duten gidariek aparkaleku urdinak okupatzen dituzte, batzuetan, denbora tarte txiki baterako denaren aitzakian. Baina tarte txiki bat nahikoa da aparkalekurik topatu ez eta urrunago joan behar duen erabiltzailearen zailtasunak areagotzeko; mugikortasun arazoak dituenarentzat gehitu beharreko metro bakoitza egitea oso nekeza gertatzen baita, zer esanik ez, ohiko aparkalekuen dimentsioak kontutan hartuta, txikiagoak izaten dira eta ibilgailurako sartu-irtenak zaildu egiten dira. Horregatik, mugikortasun arazoa duten pertsonen egunerokotasunean aparkaleku urdinak behar-beharrezkoak direla ikusarazi eta hauek errespetuz erabiltzeko mezua zabaldu nahi da. Enpatiaz jokatzea eskatzen da.
Autokritika ariketa ere egin du Trauti elkarteak eta aparkaleku-txartelen erabilera egokia eskatzen du. Txartelok pertsonalak direla eta mugikortasun arazoak dituztenak bidaiatzen dutenerako bakarrik erabili daitezkela gogorarazten da, ez beste inork erabiltzeko. Horrelako erabilera okerrek isuna edota txartela bera kentzea ekar dezakete.
Trauti-Hesirik gabe elkarteak lehenago ere egin du aparkaleku urdinak egoki erabiltzeko sentsibilizazio kanpainarik. Aurrekoetan, aparkaleku inguruetan jarri dira kartelak. Orain, mezua modu orokorragoan zabaltzea erabaki dute. Taldeak bestelako kontzientziazio ekintzak ere egiten ditu: ikastetxeetara joan eta ikasleekin zuzeneko solasaldiak edukiz edota Trauti eguna ospatzerakoan, laguntzarako erabili ohi dituzten makilak, gurpildun aulkiak eta bestelako elementuak eskuragarri jarriz. Udalarekin elkarlanean ere aritzen da, hirigintza eta irisgarritasun arloan ahollkulari moduan, eta, era berean, mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta irteerak antolatzen ditu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!