Moneta sozialaren inguruko xehetasunak eman eta parte hartzeko gonbidapena luzatzeko, herriko merkatari, ostalari nahiz zerbitzu eta gremioetako ordezkariekin bilerak egingo dira ostegunean.
Ohiko euroak erabili ordez Oñatiko denda edota ostalaritza lokaletan egiten ditugun erosketa edo kontsumizioak ordaintzeko sistema berria litzateke. Merkataritzatik haratago joanda ordea, esperientzia, zerbitzu arloan eta gremioetan ari diren herriko autonomo eta enpresa txikiei zabaldu nahi zaie. Txanpon edo moneta soziala, herri barruan ordainketak egiteko sistema berria izatea proposatzen baita. Proiektua hasiera batetan udal langileekin frogatuko da eta faseka, udalak eskaintzen dituen diru-laguntza eta hobarietara eta herriko gainontzeko lantegietara hedatzeko asmoa dago. Aurtengo aurrekontuetan 60.000 euroko partida dauka udalak.
Baina ekimena martxan jartzeko egitasmora atxikiko diren denda, taberna, zerbitzu eta gremioak behar dira. Hauei zuzenduta, bi bilera deitu dira ostegunerako: goizeko 10etan eta arratsaldeko 3etan, bakoitzaren disponibilitatearen arabera batera edo bestera joateko. Bi bilerak, Kultur Etxean egingo dira.
Moneta sozial moduan izendatu den ordainketa sistema berriaren helburu soziala bikoitza da: batetik, eta agerian geratzen dena, herritarrek herriko denda eta zerbitzutan kontsumituz herriko hirugarren sektorea sustatzea lortu nahi da. Baina bestetik, zirkulazioan jartzen diren moneta sozial horien %5a herrian lan egin eta izaera soziala duten elkarteetara bideratuko da urte amaieran. Baina erabilera sistema nola izango den zehazki azaltzeko, programara atxikitzeak zein onura eta aldi berean zein konpromiso eta baldintza eskatzen dituen agertzeko egingo dira ostegunerako iragarri diren bi bilerak. Sektoreko profesionalen iritzi eta kezkak ere jaso nahi ditu udalak.
Asmoa, Oñatiko moneta soziala ekaina-uztailean martxan jartzea da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!