Oñatiko udala

Egoitz Aizpuru Hitzetik Hortzera saioan izango da antzerki inprobisatuari buruz berba egiten

2025/10/30
Card image cap
(Arg: Hitzetik Hortzera)
Larunbatean emango da ETB1en

  Oñatiko bertso eskolako kide urteetan izan zen Egoitz Aizpuru aktore inprobisatzaile moduan ari da egun. Hitzetik Hortzera telebista saiora gonbidatu dute eta antzerki inprobisazioaren eta bertsolaritzaren antzekotasunei eta desberdintasunei buruz hitz egingo du aste honetako saioan.

  Herri mailan sobera ezaguna da Egoitz Aizpuru, bereziki, bertsozaleen artean. Baina herritik kanpora ere ezagutzen dute, bereziki gai-jartzaile moduan. Izan ere, Gipuzkoako Herriartekoan Oñatiko taldeko gai-jartzailea izan baitzen 1999an eta ondoren, urte askoan aritu zen gai-jartzaile lanetan bai txapelketetan zein jaialdietan. Antzerkia probatu zuen gero eta antzerki inprobisatua, bereziki. Disziplina hori lantzeko hainbat ikastaro egitera Madrilera joan-etorrian ibili zen, bertan geratu eta formazio jarraitua egitea erabaki zuen arte. Egun, aktore inprobisatzaile izateaz gain, antzerki inprobisatuko irakaslea da Bilbon. Bere jakintza horretatik, antzerki inprobisatuaren ezaugarriei buruz, bertsolaritzarekin dituen antzekotasun eta desberdintasunei buruz hitz egingo dute Aizpuruk eta Mirari Martiarena saioko aurkezleak aste honetako Hitzetik Hortzera telebista saioan. Urteetan betetako gai-jartzaile lanaz ere arituko dira: txapelketako gai-jartzaileen bilerez edota Hamaika Bertute taldean egindako esperimentuez, besteak beste.

  Hitzetik Hortzera saioa larunbat gauean, 21:00etean emango da ETB1en.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!