Oñatiko udala

Modu mailakatuan eta iazko osasun protokoloak jarraituz hasiko da ikasturte berria herriko ikastetxeetan

2021/09/06
Card image cap
Ikasleei banatuko zaien eskola agenda berria
Haur eta lehen hezkuntzakoak bihar hasiko dira ikastolan eta Elkar Hezin eta etzi Urgain-Errekalden. Bigarren hezkuntzakoak hilaren 8, 9 edota 14an

  Hezkuntza eta Osasun sailek agindutako neurriak jarraituz herriko ikastetxeek iaz prestatu zituzten protokoloak indarrean izango dira berriro 2021-2022 ikasturtearen hasiera honetan. Ikastetxetarako sarrera-irteera lekuak eta ordutegiek berezituta jarraituko dute, jende pilaketak saiheste aldera. Gelakideen taldeak egonkor mantenduko dira eta lehen hezkuntzatik gora gelan musukoarekin egon beharko dute ikasle eta irakasleek. Jolaslekuetan guneak berezituta mantenduko dira eta taldeek txandaka irteten jarraituko dute; jangeletan ere txandak ugaritu eta segurtasun distantziak gordeko dira eta autobusetan joan-etorriak ere, egokituta baina mantenduko dira, iazko moduan.

  Ikastetxe aurrealdeetako espazioak handiagotu egin ziren ikasleen sarrera irteerak modu seguruagoan egiteko. Hala jarraituko dute 2021-2022 ikasturte honetan ere, Urgain-Errekalden aparkaleku batzuk kenduta eta Elkar heziko Arantzazuko ama kaleko eraikinaren aurrealdea trafikorako tarteka itxiaz, hartarako jarri ziren hesien bitartez.

  Baina berritasunik ere izango du ikasturte honek, iazkoaren aldean, barnetegietako egonaldiak, eskolaz kanpoko ekintzak eta eskola kirola bueltan baitira.

  2021-2022 ikasturtea bihar-etzi bitarte hasiko da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Ikastola eta Elkar Heziko neska-mutikoak bihar goizean itzuliko dira ikastetxeetara eta Urgain-Errekaldekoak etzi, baina denak goizez bakarrikm, oraingoz. Txantxiku ikastolakoak irailaren13an hasiko dira goiz eta arratsaldez, Elkar Hezikoak 20an eta Urgain Errekaldekoak urrian.

  Bigarren hezkuntzako ikasleen kasuan bihar aurkezpen eguna izango da ikastolan eta Elkar Hezin eta eskolak etzi hasiko dituzte. Zuazola institutukoek berriz, etzi, hilaren 8an, izango dute aurkezpena, eskolak ostegunean hasiz. Larraña institutuan atzeratuko da gehien ikasturte hasiera, Lanbide Heziketako erdi zikloetako eskolak irailaren 14an hastea erabaki baitu Hezkuntza sailak.

  Ikasturte hasierako gora beheren berri gutun edo posta elektronikoz jakinari zaie gurasoei. Gelaz-gelako bilerak ere egingo dira datozen egun eta asteetan, bestelako xehetasunak emateko.

  Eskolako lehenengo egunetan Udalak eta ikastetxeek elkarlanean egiten dituzten eskola agendak jasoko dituzte lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek. Aurtengoak lehen sorospenen gaia du oinarri. Horren haritik,  bihotz-biriketako suspertze teknikak landu zituzten aurreko ikasturtean bosgarren mailan zeuden herriko ikasleek. Mirari Sagarzazuk diseinatu eta maketatu dituen eskola agenden 1.500 ale argitaratu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!