Oñatiko udala

Modu mailakatuan eta agindutako segurtasun neurriak betetzen hasiko da ikasturte berria herriko ikastetxeetan

2020/09/04
Card image cap
Astelehenean HH, LH eta DBH1-2 mailakoak hasiko dira, 15ean, DBH 3-4 eta Batxilergokoak

  Hezkuntza eta Osasun sailek agindutako neurriak betetzeko moldaketak eginda hasiko dute 2020-2021 ikasturtea herriko ikastetxeek astelehenean. Sarrera-irteera guneak eta ordutegiak berezitu dira, jende pilaketak saiheste aldera. Gelakideen taldeak egonkorrak izango dira eta taldeen arteko harremanak ahalik eta gutxien izan daitezen neurriak hartu dira: jolaslekuetan guneak berezitu dira eta taldeak txandaka eta gune jakin batzuetan egongo dira atseden orduan; jangelan segurtasun distantziak handitu eta txandak ugaritu dira eta autobusen joan-etorriak ere gehiago izango dira. Izan ere, kurtso hasiera honetan jangela eta autobus zerbitzuak martxan jarriko baitira.

  Orain arteko ikasketa taldeak mantentzea erabaki dute herriko ikastetxeek, langile berririk ez baitu bidali Hezkuntza sailak. Dena den, Eusko Jaurlaritzari eskaera egin diotela eta zain daudela adierazi digute. Bitartean, gelen espazioa ikasle kopurura egokitu dute, talde handienak areto handienetan sartuz, beti ere, segurtasun distantziak gorde ahal izateko. Osasuna bermatze aldera baita ere, eskolako egonaldia mugatuko da, bereziki ikasle nagusienen kasuan, eta ordutegi trinkoa beteko dute. Zenbaitentzat dena den, ez da berria izango, lehenago ere, jardun trinkoa betetzen zutelako.

  Herriko ikastetxeek dagokien protokoloa landu dute uztaila-abuztu artean. Haurrei tenperatura etxean hartzea eskatzen da baina ikastetxe sarreran ere hartuko zaie eta 37 gradutik gora ematen dutenak etxera joan beharko dira. Inor bila etorri bitartean propio egokitu diren isolamendu geletan mantenduko dira. Eskuak sarri-sarri garbitu beharko dituzte eta LHtik aurrera maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. 3 urtetik gorakoei ere maskara erabiltzea gomendatzen zaie eta beste talde batzuekin harremanetan dauden desplazamentuetan jarri egin beharko dute.

  Ikasturte hasiera honetan hiru egora aurreikusten dira: eskola presentzialak, mistoak eta on-line bidezkoak. Hasi, eskola presentzialak ematen hasiko dira herriko ikastetxe guztietan eta egoera horri ahalik eta luzeenen eustea da helburua. Horretarako guztien elkarlana eta zuhurtzia eskatzen da.

  Astelehenean, esan bezala, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2ko ikasleak hasiko dira eskolan. Irailaren 15ean, DBH 3 eta 4 eta Batxilergokoen txanda izango da. Aurkezpen ekitaldiak egingo dira eta batzuek eskolak egun berean hasiko dituzte, beste batzuek, hurrengo egunean. Baina gogoratu behar da Hezkuntza arloko sindikatuek greba deitu dutela irailaren 15erako. Larrañan Lanbide Heziketa ikasten dutenek berriz, hurrengo astean, irailaren 21 eta 23an ekingo diote kurtso berriari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!