Oñatiko udala

Mikel Tatiegi izendatu dute Goienagusiko lehendakari

2025/05/13
Card image cap
(Arg: Mondraberri)
Elkartearen batzarra egin zen atzo, zuzendaritza berrituz

  Zortzi lagun berri aukeratu ziren Goienagusiko zuzendaritza talderako, tartean, Mikel Tatiegi eta Enrike Blazquez oñatiarrak. Era berean, zuzendaritzako karguak berritu zituzten eta Mikel Tatiegi izendatu dute Goienagusiko lehendakari.

  Kulturateko areto nagusian egin zen atzo goizean Goienagusi elkarteko ohiko batzarra, urteko bigarrena. Gai nagusia zuzendaritza taldearen berritzea zen eta bazkideen artean zortzi lagun aukeratu ziren: Mikel Tatiegi, Jesus Mari Elkoro, Miren Eraña, Esti Mendarozketa, Itziar Arrue, Mari Karmen Belategi, Enrike Blazquez eta Sofia Perez. Bi urte emango dituzte zuzendaritzan, eta aurreko zuzendaritzatik beste urtebetez jardungo duten lau lagunekin osatuko dute taldea. Era berean, zuzendaritza karguak birbanatu ziren eta Mikel Tatiegi lehendakari izendatu zuten; Jesus Mari Elkoro, lehendakariorde izango da; Miren Eraña, idazkaria; Estibaliz Mendarozketa diruzaina eta Enrike Blazquez, Itziar Arrue, Mari Karmen Belategi eta Sofia Perez, bokal.

  Beste gai batzuk ere jorratu ziren ikasturtea amaitu aurreko ohiko batzar honetan: bazkideen txostenaren aurkezpena egin zen eta altak, bajak eta herrien arabera egindako ekintzek izandako erantzunaren berri eman zen; urtean egindako jardueren azalpena eman zen, hitzaldiak edota irteerak nola antolatzen diren adieraziz, besteak beste; eta tarteka jaso dituzten kexen harira emandako erantzunak ere azaldu ziren.

  Oñatira etorrita bi dira ikasturteari amaiera eman aurretik Goienagusik, Esperientzien gelaren baitan egingo dituen azken ekintzak: bihar goizean bertan Susana Manganak abrir los ojos: lo que no estamos viendo en el nuevo orden mundial izeneko hitzaldia emango du Santa Ana aretoan eta maiatzaren 28an, kurtso amaierako bertso saioa osatuko dute Aitor Tatiegik, Ane Zuazubiskarrek, Martin Abarreteik eta Oihane Aranak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!