Oñatiko udala

Mikel Garcia Urtazak zinegotzi kargua hartu zuen atzoko Osoko Bilkuran

2026/09/25
Card image cap
Gogotsu, udal jarduna ezagutzeko interesez dagoela adierazi zuen batzarraren amaieran

  Amaia Erostarbek uztailean utzi zuen lekua beteko du Mikel Garciak maiatza bitartean, orduan udal hauteskundeak egingo baitira. Zinegotzi kargua atzoko Osoko Bilkuran hartu zuen, legeak behartuta zin eginez. Kargua hartu ondoren alkatearen eta gainontzeko zinegotzien ongietorria jaso zuen. EAJren hautagai-zerrendetan sarritan egon arren, zinegotzi izendatzen duten lehen aldia da Garciarentzat. Gogotsu, ikasteko gertu dagoela eta udal jarduna barrutik ezagutzeko interesa duela azaldu du. Mikel Garcia kirol batzordean arituko da.

  Zinegotzi berriaren izendapena probestu da hainbat batzorde informatibo eta udal ordezkaritza duten organoetako kideak errebisatu eta batzuk aldatzeko. EAJren udal taldean ere aldaketa batzuk egin dira: Xabier Mugarzak bozeramale lanak hartu ditu eta Itziar Alonsok berriz, komunikazio politikoaren ardura hartuko du. Horrela, taldearen udal jarduera, proposamenak eta Udalean egindako lana herritarrei modu argi eta hurbilean helarazteko lana indartuko dela adierazi dute jeltzaleek.

  EAJ udal taldeak ardurak berrantolatu dituen arren, helburu bera izaten jarraitzen duela argitu du, hau da, oñatiarren ahotsa entzun, proposamenak egin eta herritarren egunerokoa hobetzeko lanean jarraitzea. Berrantolaketa honekin EAJk oposizio eraikitzaile, hurbil eta proposatzailea egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du, udalerriaren erronkei eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeari lehentasuna emanez.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!