Mikel Biain izango da EH Bilduren alkategaia.
Udaletxeko arkupetan eta 90en bat herritarren babesarekin aurkeztu zuen zapatu eguerdian EH Bilduk alkatetzarako aukeratu duen hautagaia: Mikel Biain Berraondo.
Egun Bilduko alkate denak, aspaldi adierazi zuen karguan jarraitzeko bere prestutasuna. Baina, EH Bilduk, barne prozesua ireki zuen beste hautagairik aurkeztu ahal izateko. Azkenean, goizean zehar Gaztelekuan egin zen herri batzarrean, erabateko adostasunez, Mikel Biain berriro alkategai izendatzea erabaki zen.
Mikel Biainek, hasteko, alkate gisa eman dituen lehen lau urte hauetan lankide eta laguntzaile izan dituenak eskertu zituen bai gobernu taldean aritu direnak eta baita etxean ere babesa eman dioten familiartekoak, guztien izenak banan-banan esan zituen Baina pertsonak garrantzitsuak izanagatik, proiektua oinarri dela esan zuen bere agerraldian eta orain lau urte hasitako aldaketa bidean jarraitzeko asmoa azaldu zuen.
Bildu koalizioa handitzen doan taldea dela esan zuen eta hurrengo udal hauteskundeetarako EH Bilduren alkategai izateaz harro dagoela adierazi zuen.
Zapatu eguerdian egin zen alkategai aurkezpenean Larraitz Ugartek, azpiegiturak eta Mugikortasun Foru Diputatuak berba egin zuen. 2011ko otsailean, Bilduk udal hauteskundeetara aurkezteko moduan izango ote zen ez zekitenean ere, Mikel Biaini alkate izateko proposamena berak egin ziola aitortu zuen eta lana, primeran egin duela esan zuen, bai berak alkate moduan eta baita Bilduko udal talde osoak ere.
Eta inork uste ez zuenean Gipuzkoako herri ugaritako gobernua eta baita Aldundiarena ere Bilduk hartu zuela gogoratu zuen. Diputazio mailan hainbat estamentu eta erakunde urduri jarri diruen gobernantza berri bati ekin diotela esan zuen Ugartek eta hori, herritarren partaidetzarekin egin dutela azpimarratu zuen.
“Nazio bat gara baina estatu bat behar dugu” aldarrikatu zuen eta EH Bilduk aurkeztu berri duen “euskal bidearen” inguruko azalpenak eman zituen.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!