Mikaela Mentu taldea Debagoieneko finalean izango da Herriarteko Txapelketan
Larunbat arratsaldean jokatu zen Aretxabaletan Debagoieneko bigarren kanporaketa, Gipuzkoako herriarteko bertsolari txapelketan. Txinparta bertso eskolako Tutelatraku eta Mikaela Mentu eta Antzuolako Kale edo bale taldeak aritu ziren. Festa giroko lehen agurren ondoren sei ariketa puntuagarri osatu behar izan zituzten. Amaieran, epai-mahaiak bere balorazioa azaldu zuen eta Mikaela Mentu taldeari eman zion finalerako txartela. Mikaela Mentu taldea Uxue Igartua eta Maider eta Lide Arregi bertsolariek, Mirari Sagarzazu gai jartzaileak eta Nerea Etxezarreta epaileak osatzen dute. Aretxabaletako kanporaketan bertsotan aritu ziren baita ere, Urko Arregi, Aritz Irigoien eta Gontzal Belategi oñatiarrak eta Josue Madariaga, Txomin Alberdi eta Jon Mata antzuolarrak.
Aurreko astean Bergaran jokatu zen lehenengo kanporaketan Leintz taldea nagusitu zen. Hau da, Oihana eta Haizea Arana ahizpak eta Ane Zuazubizkar bertsolariak, Olatz Zuazubizkar gai jartzaileak eta Larraitz Trojaola epaileak osatutako taldea. Debagoieneko finala, ondorioz, emakumez osatutako bi taldeen artean jokatuko da Antzuolako gaztetxean, martxoaren 14an. Azken saio horretatik irtengo da Herriarteko Txapelketako final-laurdenetara sailkatuko den Debagoieneko ordezkaria. Hurrengo urrats horretan Debabarrenako ordezkariarekin neurtu beharko da.
Gipuzkoako herriartekoa maiatzaren 9an itzuliko da eskualdera, lehen finalaurrekoa Oñatin, Gaztelekuan jokatuko baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!