Oñatiko udala

Metro-minutu mapak kokatu dira Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeen atarietan

2026/06/22
Card image cap
Ikasleek modu partehartzailean egin dituzte, Bagabiltz programaren baitan

  2025-2026 ikasturtean, hiriari buruzko gogoeta egin dute, Lehen Hezkuntzako ikasleek eta mugikortasun aktiboa landu dute Udalaren Bagabiltz programaren bidez. Ikastetxe bakoitzaren metro-minutua modu partehartzailean egitea izan da lana. Eskola metro-minutua mapa kontzeptual bat da; ikastetxea erdigunean kokatu eta hiriko puntu nagusienetara oinez iristeko behar den denbora islatzen du, distantziarekin batera.
2017an antzeko lana egin zen, herria erreferentziatzat hartuta. Oñatiko metro-minutua kiroldegiaren fatxadan jarri zen. Ikasturte honetan, ikastetxe bakoitzak bere metro-minutua osatu du; ikastetxe bakoitzerako eskola metro-minutu desberdina egin da, ikastetxea bera izan delako distantzia eta denbora zehazteko erreferente nagusia. Horrela, gogoetaren erdigunean jarri nahi dira ikasle bakoitzaren etxetik ikastetxera egin beharreko eguneroko joan-etorriak, distantziak eta desplazamendu hori egiteko denborak. Oinez, patinetean edo bizikletan ibiltzearen eraginkortasuna nabarmendu nahi izan da, askotan, autoan baino arinago iristen baitira ikasleak. 

  Jardueraren helburu nagusia da mugikortasun aktibo, autonomo eta jasangarrirako Oñatik dituen aukera handiak ikusaraztea, bai etxetik eskolara joateko nahiz haurren eguneroko beste jardueretarako ere, hau da, Oñati bezalako herri batek, duen hiri-egiturarekin eta distantziekin, modu jasangarrian mugitzeko aukera ematen duela ikusaraztea. Emisio kutsatzailerik gabe mugitzeko modu osasungarriagoa, autoarekiko mendekotasun txikiagoa duena, eta sozializazioa, interakzio soziala eta ingurunearen ezagutza errazten dituena sustatu nahi da. Lana egiteko erabili den metodologiak aukera eman du tokikoan sakontzeko, alegia, auzoaren eta herriaren ezagutzan sakontzeko, baita gizarte, ingurumen eta kultura-ingurune hurbilenaren ezagutzan sakontzeko ere.

  Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako programazioarekiko curriculum-loturak errazteko ere planteatu da jarduera. Bi ikasmaila horietako ikasle eta irakasleak izan dira mapan agertu beharreko tokiak identifikatu eta proposatu dituztenak. Ikastetxeren batean 3. mailako ikasleek ere parte hartu dute. Ondoren, jasotako datuekin, Bagabiltz programaren arduradun teknikoak eta Jabier Erostarbe diseinatzaileak azken diseinuari forma eman diote. Mapak, ikastetxe bakoitzaren atarietan jarri dira.

  Hauek dira hiru ikastetxeetan gehien aipatu diren eta mapetan jaso diren erreferentziazko puntuak: Foruen enparantza, Kultur Etxea, musika eskola, Azkoagain, Eltzia, Errekalde auzoa, kalegoienako parkea, Kale Zaharra, kiroldegia, Olakua parkea eta kirol-kantxak, San Martin parkea eta auzoa, Larraña, Skate park, Santa Ana eta Ugarkalde parkea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!