Mendiko kalearen irisgarritasuna bermatzeko berrurbanizatze proiektuari dagozkion lanak lizitaziora atera dira

Udalak aspaldian zuen Mendiko kalea irisgarritasun baldintzetara egokitzeko asmoa, baina hainbat etxeetako eraberritze lanen zain egon da. Izan ere, lanen oinarri izango den proiektua 2018ko azaroan eskatu baitzion LKS ingenieria kooperatibari.
Mendiko kaleko irisgarritasuna bermatzeko, urbanizazioa kota berean jartzea aurreikusten da, espaloiak eta errepidea plataforma bakarrean bat eginez. Egungo asfaltozko zoladura aldatu eta harri-losak irudikatzen duten hormigoi inpresoz ordezkatuko da eta, era berean, hormigoi inpresozko espaloien zoladura aldatuko da ecogranic kalitateko losak jarriz. Lan hauek probestuko dira egun fatxadetara lotuta dauden argiteria eta telekomunikazio hariak lurperatzeko. Eta egungo eskailera zati baten ordez, arrapala bat eraikiko da, Errekalde auzoarekin komunikazio irisgarria izateko. Azpiegiturak ere berritzea jasotzen du proiektuak eta ur-hornidura instalazioaren zati bat berrituko da. Ondorioz, egingo diren lanen dagozkien zatia ordainduko dute Gipuzkoako Urak eta Oñargi enpresek. Baina guztiak orain esleituko dira Udalak kaleratu duen prozedura bateratuan.
Lanak lau hilabetetan egitea aurreikusi du Udalak eta horretarako 346.181,60 euroko aurrekontua finkatu du baina prezio merkeagoan egitea aurreikusten da. Lanak esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, 75 punturekin. Berme epea luzatzea, obrari atxikitako taldean parekotasuna eta genero berdintasuna sustatzea ere baloratuko da, 5na punturekin. Zabalik dago proposamenak egiteko epea, uztailaren 7ra arte.
Mendiko kalean egingo diren lanon helburu nagusia irisgarritasuna hobetzea da, baina kalearen estetikaa, oinezkoen segurtasuna eta hauen eta auto gidarien erosotasuna hobetzea ere bai.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!