Oñatiko udala

Maykolux enpresak beteko du Gabonetako argiteria zerbitzua, aurten ere

2026/11/06
Card image cap
Abenduaren 3an piztuko dira argiak eta iaz apaindu ziren lekuak errepikatuko dira

  Hernaniko Maykolux enpresari esleitu zaio Gabonetako argiteria jarri eta mantentzeko zerbitzua, aurten ere. Lanean laster hastea aurreikusten da, abenduaren 3rako dena prest egon dadin. Egun horretan ixutuko baitira. Urtarrilaren 7ra arte iluntzero eta goizaldera piztuko dira argiak: iluntzetik gauerdira arte eta goizeko 7etatik egunsentira arte.

  Iazko elementu kopurua eta kokapena mantenduko da eta kale Zaharrean, Atzeko kalean eta kale Barrian ohiko argi arkuak jarriko dira eta udaletxeko fatxadan ere Gabonetako mezua irakurri ahal izango da, baina Errementari plazako kioskoa argiztatuko da, plazako arbolak ez ezik, San Lorentzoko arboletan ere argi apaingarriak jarriko dira eta Bakardadeko Ama kalean, Maibi aurrealdeko bidegurutzean dagoen arbola ere argiztatuko da, Bidaurretakoa argiztatzen den moduan. Gainera, Olakua eta San Lorentzo auzoetan beste apaingarri batzuk jarriko dira.

  Halako lanak egiten dituzten hiru enpresei proposamena eta aurrekontua aurkeztea eskatu zitzaien, Gabonetako argi apaingarriak jartzeko zerbitzua kontratatzeko, baina Udalak finkatutako gehienezko prezioaren azpitik eskaintza bakarra jaso da: Maykolux enpresarena. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuaren aurrekontua 18.125 euro da, iazko kopuru berdina. Gabonetako argi apaingarriak jartzeko lana egiten duten enpresentzat bereziki lanpetuak izan ohi dira urte amaierako asteak, deiak eta enkarguak herri askotatik jasotzen dituztelako eta guztiak garai bererako. Iaz, urrian hasi ziren herria argi-apaingarriez hornittzen, aurten ez da hala gertatu baina laster hastea aurreikusten da. Kontratuan, elementu guztiak kentzeko epe-muga ere zehaztu du Udalak, 2027ko urtarrilaren 17a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!