Oñatiko udala

Bi guraso talde ari dira "Etorri euskarara!" ekimenean parte hartzen

2026/11/06
Card image cap
Gurasoen beharretara egokitutako euskara ikastaroak dira, UEMAk eta Udal Euskaltegiak antolatuta

  Etorri euskarara! egitasmoaren helburua da euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben eskola-orduetan. Elkar Hezin eta Urgain eskolan zortzina guraso prest azaldu ziren eta, berez, ekimena seme-alaben ikastetxean bertan garatzea aurreikusten bazen ere, ordutegi arazoak tarteko, bi taldetakoak elkartu eta Udal Euskaltegian ari dira ikasten; batzuk, 9:00etatik 11:00etara eta beste batzuk, 14:30etatik 16:30etara. Datorren urtean ikastolan ere beste talde bat eratzea espero da.

  Hutsetik hasi dira euskara lantzen eta ziurtagiria eskuratzeko helburua alde batera utzita. Etorri euskarara! egitasmoaren oinarrian gurasoen beharretara egokitutako metodologia dago, seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak eskaintzea, alegia. Hala, zenbakiak, kokapen kontzeptuak, koloreak edota matematika eragiketetako terminoak lantzen dituzte, tarteka, beti ere hutsetik hasi direla kontutan hartuta. Urrian hasi ziren eta astean birritan jasoko dituzte eskolak ekainera bitartean, 130en bat orduko ikastaroa osatuz. Euskarazko oinarrizko hitzak ikasteko aukera eskaintzen zaie gurasoei eta, aldi berean, hizkuntza balioan jartzea da ekimenaren xedeetako bat, gurasoak euskarara hurbiltzea ezinbestekoa baita seme-alabek etxean euskararen aldeko diskurtso edo jarrera ikusi eta jarraitu dezaten.

  Iazko maiatza aldera zabaldu zuen UEMAk Etorri euskarara! ikastaroen eskaintza. Elkar Hezi ikastetxean halako talde bat sortzeko interesa azaldu zen baina ez zen posible izan, ordutegiak bateratzeko zailtasuna tarteko. Aurten, bi guraso talde ari dira elkarrekin euskara lantzen. Euskara ikastaro hauek doakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!