Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu du udalbatzak
Azken Osoko Bilkuran irakurri zen Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako adierazpen instituzionala. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duten konpromisoa berretsi dute, printzipio demokratiko hori funtsezko zutabe baita gizarte justu, aske eta kohesionatu baterako. Era berean, berdintasuna irmoki defendatu eta aldarrikatzen dute, diskurtso hori zokoratu eta zalantzan jartzen dutenen aurrean. Mugimendu antifeminista goraldian dagoela eta jarrera erreakzionario eta misoginoetan adierazten dela dio idatziak eta narratiba horiek berdintasunaren aldeko oinarrizko konkistak zalantzan jarri ez ezik, indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen duela salatzen da.
Berdintasunaren defentsa ez da aukera edo ideologia bat, giza eskubide unibertsala, aitortua eta babestua baizik. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu den eskubidea. Eta berdintasunean hezi, estereotipoak baztertu eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen da adierazpen instituzionalean, baita indarkeria matxistaren biktimak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Berdintasunik gabe erabateko demokraziarik ez dagoela eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, guztiontzako askatasunik ez dagoela ere aipatzen da idatzian. Guzti horregatik, lau konpromiso zehatz bere egin ditu Oñatiko udalbatzak:
- Tokiko eremutik kolektibo ezberdinekin esku-hartzea, jarrera antifeministak etamaskulinitate toxikoak desmuntatzeko.
- Diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko egitasmo propio bat abiaraztea,informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko.
- Erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatu, salatu eta eteteko.
- Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia zabalduz amaitzen da pasa den asteko Osoko Bilkuran irakurri zen adierazpen instituzionala.
Domeka eguerdian elkarretaratzea egingo da Olakuako aisialdi gune berriaren parean, herriko pentsionistek eta Lagun Leku elkarteak deituta, eta ordu erdi beranduago bertatik abiatuko da plazara bitartean egingo den manifestazioa. Bazkaria eta bingo musikatua izango dira Gaztetxean, Hots abesbatzak Faktoria sozialaren baitan lantzen diharduen “emakumeek idatzia” kontzertua eskainiko du Santa Ana aretoan, 18:00etan, andereñoak gogoan hartuta eta Elkar Hezik antolatuta, bestalde, Emakumeak Zientzian solasaldi irekia egingo da astelehen arratsaldean (15:30) Kultur etxeko zine aretoan Miren Zubeldia Plazaolarekin eta Ane Blazquez Garciarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!