Oñatiko udala

Martxoaren 28an Elorregitik sartu eta irtengo da Korrika Oñatin

2026/01/08
Card image cap
Goizeko 4.45 inguruan sartuko da Elorregitik eta plazaraino iritsita itzulerako bidea hartuko du Bergararantz

  Ezohiko ibilbidea beteko du 24. Korrikak gurean, Elorregitik sartu-irtena egingo baitu Foruen plazaraino iritsi eta buelta hartuta. Elorregitik Udanara edo alderantzizko bidea egin ohi du Korrikak Oñatin, 10.a Arantzazutik abiatu zen eta ibilbide ezohikoa bete zuen gurean, baina aurtengoa ere berezia izango da. Gasteiztik Bilborako bidean, amaitu bezperan pasako da Korrika Oñati eta Debagoienatik. Gatzagatik barrena sartuko da eskualdean, Arrasate zeharkatuta Elorregira eta handik Oñatira etorriko da; saihesbidetik Bidebarrietara sartuko da, Motxon kaletik Atzeko kalera eta Foruen enparantza zeharkatuta kale Zaharretik barrena Elorregirako bidea hartuko du berriro, Bergarara abiatzeko. Larunbatarekin, goizeko 4.45 inguruan iritsiko da Korrika Elorregira eta Oñatiko bira osatuta, 6.15 inguruan irtengo da Elorregitik berriro Bergararantz.

  Korrikari harrera egin eta herria girotzeko herri-batzordea eratu asmo da. Horretarako deialdia egina dago urtarrilaren 26rako, astelehena, 17:30an Kultur etxean. Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak eta anitzak direla azpimarratu nahi dute eskualdeko koordinatzaileek. Eta horien berri izan, eta hala nahi bada ekitaldiak proposatu eta parte hartzeko bi aste eta erdi barru egingo den lehen batzarrera joateko gonbidapena zabaldu dute. Korrika 24aren nondik norakoak azalduko dira eta Oñati girotzeko proposamenak jaso nahi dira. Bilerara joatea eskatzen da, beste konpromisorik gabe. Bertan entzundakoaren arabera bakoitzak erabakiko du zein ekarpen edo konpromiso maila hartu dezaken, edo hartarako aukera, edo gogorik, ez duen. Ideia eta proposamen guztiak ongietorriak izango direla adierazi dute bileraren antolatzaileek.

  Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta 29an Bilbon amaituko den Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du beste behin, Euskara gara lema zabalduz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!