Oñatiko udala

Langabezia murriztu egin da gurean urrian, 9 langabe gutxiago zenbatuta

2026/11/06
Card image cap
Adin tarte guztietan eta emakume zein gizonezkoen artean gutxitu da langabe kopurua Oñatin

  Orokorra izan da langabeen murrizketa gurean, urrian, nahiz eta inguruko joera nagusia bestelakoa izan den eta langabeen kopurua handitu den. Irailean 30 langabe gehiago zenbatu zen gurean eta hilabete beranduago, 9 gutxiago. Une honetan, 346 langabe daude Oñatin, 141 gizonezko eta 205 emakumezko. Adin tarte guztietan gutxitu da langabe kopurua baina, bereziki, 25 eta 44 urte arteko emakumezkoen artean. Langabezia tasa % 6,37 da herrian, iraila amaieran baino 17 ehuneneko txikiagoa. Migratzaileen erregularizazioa dela eta langabezia handitu egin zen pasa den hilean Oñatin bezala Hego Euskal Herrian ere, eta urrian, joera horrek jarraipena izan du, orokorrean, ez ordea Oñatin. Urteko 10. hilabetean langabe gutxiago zenbatu ohi dira gurean eta aurten ere hala izan da.

  Inguru hurbilera begiratuta, Antzuolan eta Eskoriatzan langabe kopurua murriztu egin da, Oñatin bezala, baina gainontzeko herrietan gehiago zenbatu dira. Horrek, Debagoieneko datu orokorra handitzea eragin du eta 29 langabe gehiagorekin %8,62 da langabezia tasa. Hau da, irailean baino 10 ehuneneko handiagoa.

  Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian, berriz, irailean baino langabe gehiago erregistratu dira enplegu bulegoetan, baina aldi berean, Gizarte Segurantzaren afiliazioak ere gora jarraitzen du eta 17.000 kotizatzaile gehiagorekin, errekor kopuru berria jarri du. Pasa den hilean komentatu bezala, migratzaileen erregularizazioak eragin du bai enpleguak eta baita langabeziak ere gorantz jarraitzea. Hilabete batzuk beharko dira oraindik, egoera normalizatzeko eta langabezia tasak egokiago irakurri ahal izateko, erregularizazioaren aldagaitik haratago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!