Oñatiko udala

Martxoan hazi zen maila berean murriztu da langabezia apirilean Oñatin

2018/05/07
Card image cap
326 langabetu daude une honetan gurean eta tasa % 6,21 da

  Otsaila eta apirila amaierako langabezia datuak parean daude Oñatin, bai behintzat kopuru orokorrei begiratuz gero. Langabetuen adina eta sexuari erreparatuta ordea, aldeak nabari dira. Izan ere, lana topatu ezinean dauden emakumeak otsailean baino 9 gehiago baitira, apirileko azken datuen arabera. Hazkunde hori gainera, gehiago edo gutxiago, adin tarte guztietan gertatu da emakumeen artean. Gizonezkoen artean aldiz, 45 urtetik gorakoen taldean soilik zenbatu dira langabetu gehiago. Ondorioz, otsailean Oñatin lanik gabe zeuden 100 lagunetik 56 emakumeak baziren,  apirilean, ia % 59 dira.

  Ñabardurak ñabardura, garrantzitsua da apirilean langabezia murriztu izana, urteko lehen hiruhilabetekoan antzeman den joera apurtuz. Urtarriletik martxora langabezia tasa puntu laurden hazi zen Oñatin eta azken hilabetean, 13 ehuneneko murriztu da. Egia esan, ohiko joera izaten da gurean eta urte amaierako kontratuak bukatuta urtarrila-otsaila-martxoan gora egiten du langabetuen kopuruak Oñatin eta udaberritik aurrera berriz, behera. Ikusi egin behar datozen hilabeteetan joera horri jarraipenik ematen ote zaion.

  Oñatin bezala, Hego Euskal Herrian ere, behera egin zuen langabeziak apirilean eta 3651 langabe gutxiago zenbatu ziren. Beherakada, nagusiki, aldi baterako kontratuen eskutik etorri zen. Debagoienean aldiz, pitin bat gaina gora egin zuen langabetuen kopuruak azken hilabetean, 18 gehiago zenbatu baitziren. Goranzko joera hori Antzuola, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta eta Aramaion eman da; aldiz, langabezia tasa jaitsi egin da Arrasate, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñatin, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!