Oñatiko udala

Hainbat udal dirulaguntzen zuriketa aztergai izango da arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean

2025/10/16
Card image cap
Bailara elkartearekin lankidetza hitzarmena urtebetez luzatzea ere proposatuko da

  Udalak hainbat dirulaguntza eman ohi ditu, arlo ezberdinean diharduten elkarte eta herritarren gastuak arintzeko. Baina jasotakoa egoki enplegatu dela justifikatzeko derrigortasuna dago eta halakoen kontu zuriketa ezberdinak azalduko dira gobernu taldearen gaurko bileran. Aloñako igoera kirol elkarteak, herri onurako mendietan dauden txaboletan lanak egiteko laguntza jaso zuten herritarrek edota Pauso Berriak programaren arduradunek dagozkien kontu kitatze eta gastu-justifikazioa bidali dizkiote Udalari eta, horiek aztertu eta onartuta, dirulaguntzen bigarren zatia ordainketarako agindua emango da.

  Bestalde, Udalak Bailara elkartearekin iaz sinatu zuen lankidetza hitzarmena beste urte batez luzatzea proposatuko da gaurko bileran. Debagoieneko garapen sozio-ekonomikoari lagundu eta elkarteko enpresen irudia eta lehiakortasuna sustatzea du helburu Bailara elkarteak. Lankidetza hitzarmen honen babesean, lankidetza-estrategia publikoak eta pribatuak zehaztu eta aplikatzen laguntzen dio Bailarak Udalari, udalerriaren garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko. Udalerriaren etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiten eta udalerriko enpresen lehiakortasuna sustatuko duten politika publikoak egiten laguntzeko, bere esperientzia eta ezagutza eskaintzen dio Udalari Bailara elkarteak. Debagoieneko Mankomunitatea, Saiolan eta Garaia, besteak beste, elkartearen kolaboratzaile dira.

  Sei puntuko gai zerrenda osatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!