Oñatiko udala

Administraria aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du Udalak Lanbideren bitartez

2025/10/16
Card image cap
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2025eko laguntza deialdian aurreikusitako lau kontratazioetatik lehenengoa da

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2025eko dirulaguntza atalean aldi baterako lau kontratazio egitea onartu dio Lanbidek Oñatiko Udalari: 2 kale garbiketa pioi eta administrari laguntzaile eta administrari bana. Iraupen eta lanaldi ezberdina duten lau kontratazio hauek urte bukaera bitartean gauzatuko dira eta gaur, hain zuzen, lehena betetzeko deialdia argitaratu da Lanbideren web atarian: administrariarena. Urriaren 22ra arteko epea dago izena emateko.

  Udaleko idazkaritza sailean arituko da kontratatu nahi den administraria. Sei hilabeterako eta %60ko lan jardun partzialaz kontratatuko du udalak. Hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko langabezian egon behar da eta batxilergoa, goi mailako lanbide heziketa edo baliokide den titulazioa izatea eta euskarari dagokionean, C1 mailaren pareko ezagutza izatea eskatzen da. Horrezaz gain, Oñatin erroldatuta egotea, kontabilitateko ezagutzak izatea, word eta excel edo horien baliokideak diren programen erabileraren ezagutza IT txartelen bidez egiaztatzea eta administrari lanetan esperientzia izatea baloratuko dira. Lanbideren web atarian argitaratu da iragarkia eta izena ere atari horretatik eman behar da, urriaren 22ra bitartean. Administraria azaroan bertan lanean hasi dadin nahi da.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira Enplegua sustatzeko toki-ekintzaterako dirulaguntzen bidez egiten diren kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!