Martxo akabera-apirila hasierarako amaituko dira plaza-ondoko lanak
Uztaila amaieran hasi ziren plaza-ondoko lanak martxa onean, epeak eta aurrekontua betetzen egiten ari direla esan du Iñigo Ruiz Hirigintza batzordeburuak, lekuan bertan eta Izaro Elorza alkatearekin egindako prentsa agerraldian. Lan handienak egin dira jada, ur-hoditeria, argindarra eta telekomunikazio azpiegiturak berritu dira, eta horretrako ireki ziren zangak beteta, zoladura eta altzari hornidura lanak falta dira. Plaza ondoko lanak Aste Santurako, martxo amaiera-apirila hasierarako bukatuko direla iragarri du Iñigo Ruizek.
Lorategi inguruko zoladura jartzen ari dira egun hauetan; adokin zeramiko gorri-horiz apainduko den eremu hori plazarantz pitin bat zabalduko da eta iturria ingurua ere eremu horretan barneratuko da. Lehendik asfaltaturik zegoen jolasgunea berriro asfaltatuko da baina kolorez argiagoa den bukaera ematen saiatuko dira, gunea goxoagoa bihurtuz. Lanak pentsatu eta egiterakoan, estetikaz haratago, irisgarritasuna, ergonomia, eta inklusibitatea moduko kontzeptuak kontutan hartu direla argitu dute udal ordezkariek. Hala, lorategian forma aldaketa txikiak egingo dira eta espazioa irekiko da, berdegune zapalgarria bihurtuz. Barruan jesarlekuak jarriko dira. Gernikako arbolaren inguruan zegoen hesia ere kendu da eta plazatik pilotaleku alderako pasabidea zabaldu eta irisgarriago bihurtu da, ibilbide nagusi gisa duen izaera indartuz. Kioskoa jolasgunera irekitzeko eskuhartzea egingo da, egun eskailerak dauden gunea handituz eta harmaila modukoak egokituz, eta berdin egingo da azoka guneko eskaileretan, harmaila moduko batzuk prestatuko baitira, zenbait lekutan. Azokara sartzeko orain urte batzuk moldatu zen behin behineko arrapala kendu eta behin betikoa jarriko da.
Plaza ondoko eremua egokitzeko lanok egiten diren bitartean plazako argiztatzea eguneratzeko proiektua osatzen ari dira. Plazako argi-postea lekuz aldatuko da eta alboko lorategian jarriko da. Horretarako instalazioa prest dago jada. Aldi berean, plazako eraikinetako foku eta arkupetako luminariak ere aldatzeko asmoa dago. Baina guzti hori, alboko lorategi eta jolas-eremuko lanak amaitu ondoren egingo dira.
Partaidetzazko Aurrekontuak 2023-2024 prozesuan erabaki zen plaza ondoko espazioa egokitzea eta Next Generation funtsei esker, eskuhartze integrala egin ahal izan da. Lanek 700.000 euroko aurrekontua dute eta Aste Santurako amaitzea espero da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!