Market Berriren 3. programa osatu dute LEINN graduko ikasleek
Market Berri Euskadiko merkataritza-berrikuntzarako eta ekintzailetzarako programa bat da; Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Sailak eta Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateak, Mondragon Team Academyren bitartez, sustatzen dute eta Lidergo ekintzailea eta berrikuntza graduko ikasleekin lantzen da. Zazpi hilabetez arituko dira Oñatiko, Irungo eta Bilboko ikasleak merkatariekin eta sektoreko eragileekin eskuz esku lan egiten, Euskadiko merkataritzak egun dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak bilatzen. Lokal hutsak, belaunaldien arteko erreleboa, auzoen aktibazioa, digitalizazioa eta kontsumitzeko modu berriak dira bideratzen saiatu diren erronketako batzuk. Bederatzi proiektu garatu dituzte eta guztiak aurkeztu zituzten Oñatin atzo. Proposamen berritzaileak izan dira: merkataritza-eremuak biziberritzea, esperientzia hibrido fisiko-digitalak, jasangarritasun-ekimenak, ekonomia zirkularra edo kultura aktibatzea, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Saileko zuzendari Izaskun Gómezek eta Mondragon Team Academyko koordinatzaile Aitor Lizartzak ireki zuten saioa, lankidetza publiko-akademikoa eta talentu gaztea erabiliz merkataritza-ekosistema indartzearen garrantzia azpimarratuz. Ondoren, mahai-ingurua izan zen eta erreferentziazkoak diren bi proiektu ezagutu ahal izan ziren, Gasteizko Gustazos posteria eta Tolosako Zuzeu.
Amaieran, berriz, Market Berriko bi sustatzaileek, Eusko Jaurlaritzak eta Mondrago unibertsitateak, programarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute eta 4. edizioa prestatzen ari direla adierazi zuten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!