Manifestazio jendetsua Global Sumud flotillaren aurkako erasoa salatzeko

Israelek Global Sumud elkartasun ontzidia atzeman eta bertan zihoazen ekintzaileak atxilotu izanak gaitzespen erantzun zabala sortu du mundu osoan, baita Oñatin ere. Gertaera salatu eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu zen plazan, batu zen jendetza ikusita, manifestazio bihurtu zena. Amaieran, salaketa idatzia irakurri zuen Oñati Palestinarekin taldeko bozeramale batek.
Gazara zihoan Global Sumud flotillaren aurkako erasoa eta bertan zihoazen bolondresak Israelek bahitu izana salatu zen. Aldi berean, Europar Batasuneko agintarien geldotasuna eta Israelekin lankidetzan jarraitzen duten estatu, erakunde eta enpresak salatu ziren. Eusko Jaurlaritzak Israeleko segurtasun enpresa batekin berritu duen kontratua, NBEk kaleratu berri duen enpresen zerrendan sartu duen CAF edota Debagoienean, Israelekin negozioa egiten duten enpresen artean Ikerlan aipatu ziren, besteak beste. Israelekin ez kolaboratzeko eskatu zitzaien.
Amaitzeko, Palestinaren alde eta pairatzen ari diren genozidioaren kontrako hurrengo mobilizazioetarako deia egin zitzaien plazan bildutako guztiei; larunbatean Iruñean mobilizazio nazionala egingo da eta urriaren 25ean manifestazioa Arrasaten, Debagoieneko Palestinaren aldeko Sareak deituta. Oñati Palestinarekin taldeak urriaren 13an bilera irekia egingo duela ere azaldu zen eta Kultur Etxera hurbiltzeko gonbidapena zabaldu zen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!