Maiatzeko Osoko Bilkura gaur arratsaldean
18 puntuko gai zerrenda osatu da arratsaldean egingo den maiatzeko Osoko Bilkurarako. Ohiko edo tramitezkotzat jo daitezkeen interes bereziko obrei buruzko diktamenak, alkate dekretuen berri ematea edota 2022rako herriko jai eguna finkatzeaz gain, Oñatiko bake epaile titularra izendatzeko proposamena azalduko da. Herritar bakarra aurkeztu da bake epaile posturako eta eskatutako baldintzak betetzen dituenez, bake epaile titular izendatzea proposatuko da.
Zubikoa kiroldegiko sarbidea kontrolatzeko sistema hornitu eta instalatzeko kontratua aldatzeari buruzko argibideak ere emango da arratsaldeko bileran. EH Bilduk taldeak berriz, Palestina eta Kolonbia herriekiko elkartasun adierazpenak aurkeztuko ditu bi mozio idatzitan.
Udal kontuhartzailearen hainbat txostenen berri ere emango da gaurko Osoko Bilkuran: 2020ko finantza kontrolaren eta kontu-hartze eginkizunaren laburpen txostena, 2020ko ekintza plana eta ekintza plan horren egokitasun txostena azalduko dira.
18:30tan hasiko da Osoko Bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du (FM 107.4).
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!