Maiatzaren 1a plazako iturria berritu dute

Abuztua probestu da Maiatzaren 1a plazako iturria berritzeko; harria garbitu, gehiegizko morteroa kendu eta iturriaren gainaldean dagoen urketariaren eskultura txukundu dira, besteak beste. Zaharberritze lanetan aditua den Petra enpresa arduratu da lanaz.
Azken 10-15 urteetan beste eskuhartze batzuk egin dira herriko iturri historikoetan. 2014an, esaterako, bost iturrik dituzten elementu metalikoak tratatu eta margotu ziren, herdoilduta baitzeuden. 2020an Maiatzaren 1a plazako iturrian beste konponketa batzuk egin ziren eta funtzionaltasuna itzuli zitzaion; urteetan hondatutako ur hodia aldatuta ura ematen hasi baitzen berriro. Orain, estetikan oinarritu dira lehengoratze lanak eta iturriaren harria eta goiko eskultura txukundu dira, bereziki.
Zortzi dira historiko gisa izendatzen diren iturriak; XIX. mende akaberan, 1880. urte inguruan, jarri ziren iturri publikoak dira. Maiatzaren 1a plazakoarekin batera, Santa Marina, San Anton, Etxaluze eta Foruen enparantzakoak dauzkagu eta Kanpantxo eta Kirrineko kantoikoa. Herriko ondare historiko-artistikoa osatzen duten elementu hauek mantentzeko konpromisoa dauka Udalak eta, litekeena da, hurrengo eskuhartzeak Elortza jeneralaren iturrian egitea, plaza aldameneko lorategi eta jolaslekua egokitzeko lanen baitan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!