Oñatiko udala

Mª Carmen Telleria Rodriguez proposatuko da Oñatiko bake epaile izateko

2025/12/15
Card image cap
Izendapen proposamena egitea udalbatzari dagokio eta hala eskatuko da osteguneko Osoko Bilkuran

  Bi hautagai aurkeztu ziren Oñatiko bake epaile izateko baina batek atzera egin zuen. Ostegunean bildu zen prozesua zuzendu duen mahaia eta Mari Carmen Telleriaren hautagaitza onartzea erabaki zuen. Telleria Oñatiko bake epaile izendatzeko proposamena bideratzea eskatuko zaio udalbatzari, osteguneko Osoko Bilkuran. Hala onartuz gero, erabakia Bergarako epaitegiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari jakinaraziko zaie, izendapena egitea, azken erakunde honi baitagokio.

  Irailaren 25eko Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki zen bake epaile eta ordezko karguak betetzeko deialdia abian jartzea, aurreko prozesutik lau urte pasata, izendapenak iraungita baitzeuden.
Mª Carmen Telleriak badaki zer den bake epaile izatea, 2011tik bake epaile edo honen ordezko izan baita. Beste lau urtez jarraitzea proposatuko dute.

  Bake epaileek jaiotza, heriotza eta antzerako egiaztagiriak sinatzen dituzte eta zenbait instrukzio bideratzen dituzte. Gatazka txikietan eta epaitegietara iritsi gabe kontziliazio edo lagunarteko ekintzak bideratzen dituzte eta ezkontza zibilak ere egiten dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!