Luzatu egin da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua Goxara enpresarekin

Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko prozedura martxan da ekainaren 30az geroztik baina ez da guztiz burutu. Udalak deitutako esleipen prozesura bi enpresa aurkeztu dira, Matia Goxara eta Zaintzen SA, eta bakoitzak osatutako txosten teknikoak aztertzen eta baloratzen ari da Kontratazio Mahaia. Balio-judizioen menpeko irizpideen balorazioa aurreikusitakoa baino gehiago luzatzen ari da eta zerbitzuaren jarraipena bermatze aldera, egungo kontratua ere luzatzea erabaki da, gehienera, 9 hilabetez. Bitartean, esleipen berria gauzatzea espero da. Goxara enpresarekin 2022an sinatu zen kontratuan egoera hau gerta zitekeela aurreikusi eta jaso zen. Goxara SL enpresarekin duen kontratua 2025eko urriaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte luzatuko du Udalak, gehienera. Lan orduaren prezioa eguneratu da eta zerbitzuaren kostua 882.758 eurotan kalkulatu da.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Zerbitzuaren kontratazio berriak ezin ditu prestazioak eten eta horregatik erabaki da egungo kontratua luzatzea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!