Lurrazpiko aparkalekuetan egokitu diren kargagailu elektrikoak erabilgarri daude jada
Oñatiko Energia Planaren baitan jaso ziren 8 eskuhartzeetako bat da kotxe elektrikoentzako karga lekuak jartzea. Egitasmo horren baitan Zubikoa eta Kalegoienako aparkaleku publikoetan kargagailuak hornitu eta instalatzeko esleipen prozesua burutu zuen Udalak, kontratua Ekitermik kooperatiba txikiarekin izenpetuz. 8 karga puntu horiek erabilgarri daude jada.
Bina karga puntu dituen kargagailu bakoitzak 22 kilowatteko potentzia du eta Zunder aplikazioa beharko da horiek erabiltzeko. Kargagailuetan QR kodea jarri da, aplikazioa deskargatu eta libre dagoen aparkalekua identifikatzeko. Karga-prezioa 35 zentimo kilowatt ordukoa da eta lurrazpiko aparkalekuak doan eskaintzen dituen hiru orduko tartean karga osatu ahal izango da. Wifi sarbidea ere egokitu da, lurrazpiko aparkalekuetan izan ohi den estaldura arazoa saihesteko. Aplikazioa jaitsi gabe, kargaren ordainketa kreditu txartelaren bitartez zuzenean egiteko aukera aztertzen ari dira udal arduradunak.
Oraingoz lau kargagailu jarri dira, bina aparkaleku bakoitzeko, baina puntu gehiago instalatzeko aukera ematen dute. Erabilera eta beharra baloratuko da gehiago jarri erabaki aurretik. Lurrazpiko aparkalekuetatik kanpo halakorik jartzea ere, beharraren arabera baloratuko da, aurrerago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!