Lurralde antolaketako teknikari lanpostua aldi baterako bete nahi du Udalak
Azken Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Lurralde antolaketako aldi baterako programa sortzea, eta horren haritik erabaki da lurralde antolaketa zerbitzua kudeatzeaz arduratuko den teknikari lanpostua aldi baterako betetzeko deialdia egitea. Lanbidera jo da iragarkia zabaldu eta hautaketa prozesura aurkeztu nahi dutenek izena eman dezaten.
Lurralde antolaketako teknikari lanpostura presentatu ahal izateko ingurumen zientzietako, ingeniaritzako edo arkitekturako gradua edo baliokidea den titulazio akademikoa izatea eskatzen du Udalak eta euskarari dagokionean, 4. HE, C2 maila izatea lehenetsiko da baina halako maila duen hautagairik ez balego, 3. HEaren maila, C1 edo EGA maila dutenak onartuko liratekeela zehazten da deialdian. Betebeharreko baldintza horiezaz gain, merituen atalean, prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak eta eskatutako titulazio akademikoaren gaineko titulu ofizialak ere baloratuko dira. Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu: lehena, merezimenduen eta lanbide esperientziaren balorazioa izango da eta, bigarrena, elkarrizketa pertsonala. Bi faseetako puntuazioak batuta osatuko den zerrenda jarraituko da lurralde antolaketako teknikari lanpostua betetzeko.
Lanpostua jardun osoz eta aldi baterako bete asmo du Udalak, printzipioz, onartutako programa ere aldi baterako, urtebeterako delako. Interesa duten hautagaiek izena Lanbideren web ataritik eman behar dute, azken eguna maiatzaren 8a, ostirala izango dela kontutan hartuta. Gaur goizean 14 lagun zeuden izena emanda.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!