Ludotekaren kudeaketa eta udaleku irekien koordinazio zerbitzuak lizitaziora atera ditu Udalak

Txaloka ludoteka 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta heziketa proiektu baten laguntzaz eta denbora librean ekintza ludikoen bitartez, haurren garapen sozial, afektibo eta kognitiboan laguntzea da helburua. Ludotekaren jarduna ikasturtearekin bat dator. Udako oporretan udaleku irekiak antolatzen dira, HH3 eta LH6 bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta. Udako ekintza honetan, sormena, parte-hartzea, jolasa, errespetua eta aniztasuna sustatzen dira, euskaraz, beti ere. Ludotekako hezitzaileak izan ohi dira udalekuetako koordinazio taldeko lehen partaideak, horregatik, Txaloka ludotekaren kudeaketa eta udaleku irekien koordinazio zerbitzuak kontratu berean jaso dira.
Txatxilipurdi enpresa arduratu da ludoteka gestionatu eta udalekuen koordinazioaz azken urteetan. Baina kontratua beteta, esleipen prozesu berria abian jarri du Udalak. Urtebeteko kontratua sinatu asmo du, beste bi urtez luzatu daitekelarik. Lizitaziorako finkatu den gehienezko prezioa 138.220 euro da. Gaur amaitzen da proposamenak aurkezteko epea eta kontratua esleitzerakoan hiru irizpide aplikatuko dira: eskaintza ekonomikoa (46 puntu), genero ikuspegia txertatzea (5 puntu) eta txosten teknikoa (49 puntu). Kontratazio deialdiak ikasturtean ludotekan lanean aritu diren koordinatzaile eta bi hezitzaileen subrogazioa aurreikusten du.
Kontratua uztailean zehar esleitu nahi da, ikasturtea hastearekin batera indarren sartu dadin.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!