Lorategi eta berdeguneetako mantentze lanen zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abian du Udalak
Lorezaintza zerbitzua esleitzeko deialdian zaindu beharko diren eremuak zerrendatzen dira: Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutziako zuhaiztiak, Usako, Olakuako urmaela zenekoa, Urgain herri eskolako berdegunea, auzokonpost-guneak eta udal hilerriko lorezaintza-lanak hala behar denean, errefortzu moduan. Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbateko maiztasunez egin beharko diren zehaztu da baldintzetan.
Enpresak beharko duen makineria eta giza baliabideak ere zehazten dira oinarrietan eta gutxienez, lauzpabost laguneko lantaldea beharko litzatekela aipatzen da, lau langile urte osoko kontratuarekin eta beste bat sei hilabetez, lan karga handiagoa den epean, udaberri eta udan. Horrezaz gain, Udalaren aurrean enpresa ordezkatuko duen teknikaria ere izendatu beharko da. Egun zerbitzua ematen ari den lan taldearen subrogazioa ere jaso da baldintzetan. Era berean, zehazten da enpresa esleipendunak kontratua egoki betetzeko instalazioak Oñatin izan beharko dituela. Gutxienez, bulegoak, aldagelak, biltegia eta zerbitzuari atxikitako ibilgailuentzako garajea izan beharko dituela.
Herriko lorategi eta berdeguneetako mantentze zerbitzua sei hilabeterako kontratatu nahi du Udalak, hainbat urtetarako kontratazio berria prestatu eta esleitu bitartean zerbitzua ziurtatzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua berriz, 150.753 eurotan finkatu da, BEZa barne. Enpresek ekainaren 29ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoa izango da lizitazio irizpide bakarra.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!