Oñatiko udala

Loiuko gertaerak eta herri ekimen eta mobilizazioak kriminalizatzea salatu ziren Palestina lorategia izendatzeko ekitaldian

2026/05/25
Card image cap
Herritar ugari batu ziren Oñati Palestinarekin herri plataformak antolatutako ekitaldira, atzo eguerdian

  Astean gurean burutu diren Palestinaren aldeko jardunaldien azken ekitaldia izan zen Kalegoienako berdegune batean olibondoa landatu eta lorategiari Palestina izena ematea. Izendapen horren balio sinbolikoa aipatu zen ekitaldian, Oñati eta Palestinako herrien arteko zubia irudikatzen duela azpimarratuta, guztion artean zaintzeko gonbidapena zabaldu zen. Baina Loiuko aireportuan bezperan, larunbatean, Ertzaintzarekin gertatutakoa eta Europako Gobernuen eta Jaurlaritzaren jarrera salatu zen, herri ekimen eta moblizazioak kriminalizatzen dituztela adieraziz.

  Maiatzaren 15ean Nakbaren 78. urteurrena bete zen, hau da, sionismoak modu sistematikoan Palestina suntsitzen hasi zela oroitzeko eguna. Palestinarren lehen exodo masiboa gogoratu eta Israelgo ejerzitoak eragindako gizarte eta aberri palestinarraren suntsipena gogorarazten da Nakbarekin. Egun, gerrak, okupazioak eta garbiketa etnikoak bere horretan jarraitzen dutela aipatu zen atzoko ekitaldian, eta denon begi bistan gertatzen ari dela adierazi zen, telebista edo sare sozialen bidez gehiegikeriaren lekuko zuzenak garelako.  Altxatu eta modu kolektiboan erantzun beharra dagoela esan zen eta izugarrikeriak salatzeko modu asko daudela aldarrikatu zen, Palestina lorategia sortuz, adibidez.

  Eta hala egin zen atzo eguerdian; plazatik Kalegoienako berdegunera herritar talde handia hurbildu zen kalejiran, olibondo bat landatu zuten Zubillagan bizi diren bi palestinarrek eta hainbat herritarrek eta Palestina lorategia zioen plaka begi-bistara atera zen, lore sorta bat ere jarri zen aurrealdean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!